Osalanek ez du argitu Ramosen heriotzaren arrazoia

Urola Kostako Hitza 2012ko uztailaren 10a

Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak Gorka Ramosen heriotzaren  inguruko aurre txostena egin du, baina ez du argitu zumaiar gaztea nola eta zergatik hil zen. Osalanek baieztatu duenez, Okineko langilea edukiontzian sartu zen, eta «konortea galdu» zuen bertan. Txostenaren arabera, beteta zegoen sarbidea, eta hura garbitzeko asmoz sartu zen edukiontzira Ramos. Segurtasuneko bideo kamerek grabatutako irudiek erakusten dute langilea hondakinak zapaltzen ari dela, baina handik minutu gutxira ontzi barruan desagertzen da. Ramos laguntzera joan ziren 11 lankideetatik batek ospitalean jarraitzen du. Gela arrunt batean dago. Pasa zen ostegunean izan zen Ramosen hileta elizkizuna, eta haren lagunak eta gertukoak gaztearen etxepean elkartu ziren. Zugaren adierazpena Zuga Zumaiako Gazte Asanbladak, bere aldetik, Ramosen heriotza salatu eta haren senide eta lagunei «babesa» helarazi die. Istripua «lan baldintza duinak bermatzen ez dituen sistemaren ondorio» dela salatu du taldeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide