Oriotik ateratzeko Iturbide kaletik barrena doan bidea erabiltzea debekatuta egongo da
Badira bi hilabete Orioko Udalak, asteburuetan, Herriko Plaza oinezkoentzat uztea erabaki zuenetik. Tarte horretan herritarren eta merkatarien proposamenak jaso dituzte Udalean eta horiek aztertu ondoren, erabaki dute aurrez hartutako hainbat erabaki aldatzea. Bi dira egingo dituzten aldaketa nagusiak:
- Plaza inguruko dendariek eskatuta, herritarrek aukera
izango dute plazara ibilgailuan sartzeko larunbat eguerdira arte,
erosketaren bat egiteko edo jeneroa kargatzeko eta deskargatzeko.
Ibilgailuen zirkulazioa goizeko zortzietan bideratuko da moila aldera,
orain arte bezala; baina, behar dutenek aukera izango dute plazara
sartzeko. Larunbat eguerditik aurrera guztiz itxita geratuko da
plazarako sarrera ibilgailuentzat.
- Azken hilabeteotan Goiko Kalean sortu diren
trafiko-arazoak aztertu eta bizilagunen proposamena aintzat
hartuta, debekatu egingo da Iturbide kaletik barrena doan bidea
erabiltzea, herritik ateratzeko. Oriotik ateratzeko bidea
Txanka-Hondartzakoa izango da eta hori adierazten duten seinaleak
jarriko dituzte Iturbide kalearen hasieran.