Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak etxean konposta egiteko ekimena jarri zuten martxan 2005ean eta ordutik hainbat ikastaro egin dira eskualdean. Kanpainaren helburua da norberak etxean sortzen dituen hondakin organikoekin etxeko lorategian edo baratzean konposta egitea.
Ekimena Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako herritarrentzat prestatua dago eta parte hartzeko baldintza bakarra da etxean lorategia edo baratza izatea, konpostagailua kanpoan jarri behar delako.
Konpostagailua jarri nahi dutenek ikastaroa jasoko dute konposta egiten eta konpostagailua erabiltzen ikasteko eta familia bakoitzari konpostagailu bat eta erabiltzeko argibideen esku-orria emango diote. Ikastaroa eta konpostagailua doan izango dira.
Gaur egun Urola Kostan 268 familiak dute konpostagailua jarrita etxean, horietatik 34 Aian eta 27 Orion.
Ikastaroa
Uztailean ordubete inguruko bi ikastaro izango dira Udal Elkartearen egoitzan, Zarautzen (Urdaneta bidea 6). Uztailaren 11n euskaraz egingo dute eta 12an gaztelaniaz. Bi hitzorduak , 18:00etan izango dira. Ikastaroan parte hartzeko aurrez izena eman behar da uztailaren 9a baino lehen 943 89 08 08 telefono zenbakira deituta.