Herriko Plazara gerturatu direnek beste irudi bat aurkitu dute goizean, izan ere, azken aldian Ikastola aurreko plazan egiten zuten merkatua, baina Udalak, orain dela urte batzuk hartutako erabakian atzera egin eta berriz ere Herriko Plazara eraman du. Jateko, zapata, arropa… erosi ahal izan da han eta hemendik aurrera ostegun goizetan hara joan beharko dute azokan erosketak egin nahi dituztenek.
Aldaketako lehen eguna balorazioak egiteko goiz den arren, merkatariek zein erosleek eman digute beren iritzia. Luis Jimeno fruta saltzailea batik bat merkantzia deskargatzeko zailtasunengatik eta duten espazioa txikiagoa delako sumatu du aldaketaren eragina. Bestalde, salmentak jaitsi egingo direla uste du: Orain arte, umeak Ikastolara ekartzera edo handik jasotzera joaten zirenek edo anbulatoriora zein kiroldegira joateko handik pasatzen zirenek azokan bueltatxoa egiten zuten eta orain beharbada jaitsi egingo da jendearen joan-etorria. Hala ere, uste du hori lehen egunetan izango dela, gero, pixkanaka jendea ohituko da plazara etortzera.
Consuelo Hernandezek arropak saltzen ditu azokan eta honek ere aldaketarik sumatu du. Urte asko dira Orioko azokara etortzen dela eta lehen ere ezagututakoa da Herriko Plaza. Lehen hemen egoten ginenean ondo geunden, gero hara aldatu eta han batik bat furgoneta gertuan geneukalako guretzat abantaila zen. Orain, beharbada zirkulazioan izango dira oztopoak eta beharbada elkarrengandik gertuago gaude, pilatuago. Hala ere, ohituko gara. Batzuk konforme daudela dio eta beste batzuk ez horrenbeste. Plaza inguruko merkatari eta tabernariek gustura hartuko dute aldaketa.
Erosleak konforme
Maritxuk eta Carmenek egin dute azokara buelta eta hauen ustez Herriko Plazan egitea hobea da. Hemen babesean gaude, bai merkatariak eta baita erosleak ere. Euria dagoenean aterpean eta eguzkia eginez gero itzalean. Gainera, Herriko Plazan pasaeran gelditzen da, lehen, Ikastola aurrean zegoenean azokara joan egin behar zen, horretara propio. Beraz, guk nahiago orain jarri duten bezala.
Beatrizek ere, merkatariek bezala, toki berrira ohitu beharra izango dela dio. Dena dela, batera zein bestera joango dela: astero-astero egiten dut azokara bisita, azokara joan ezean osteguna ez da ostegun. Inguruko tabernentzat ere abantaila izango dela uste du.
Uztailaren 19an behin behineko aldaketa
Hemendik aurrera, beraz, ostegun goizetan Herriko Plaza azokak hartuko du eta horren harira 06:00etarako kendu egin beharko dira plazan aparkatutako ibilgailuak. Hala ere, udaltzainek jakinaraziko dute hori ohar bidez astero. Azoka eguna ostegunetan izango bada ere, Herriko Plazan festa edo ekitaldi garrantzitsuren bat izanez gero aste horretan Ikastola aurreko plazara aldatuko lukete azoka. Esaterako, uztailaren 19ko azoka aldatu egingo dute tokiz Bisiguaren Festa dela-eta.