Eguerdian ireki dute Zarauzko XVII. Artisautza Azoka, Munoa plazan. Uztailaren 15a bitartean 20 erakusketari izango dira, beren artisau lanekin, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Gabiltza Gipuzkoako artisau elkarteak antolatu du bigarren urtez, Zarauzko Udaleko kultura sailarekin elkarlanean, eta, aurten, berrikuntza modura hainbat jarduera antolatu dituzte: tailerrak, kontzertuak eta erakusketa. Kulixka jatetxean egin dute azokaren aurkezpen ekitaldia, eta bertan izan dira Gabiltza Gipuzkoako artisau elkarteko kide Arantxa Ocio eta Ziku Armendariz, eta Zarauzko Udaleko kultura zinegotzi Gari Berasaluze.