Okineko langileek elkarretaratzea egingo dute gaur 11:00etan, enpresa atarian. Gorka Ramos lankidea gogoratzeko bilduko dira Oikiako Joxe Mari Korta industriaguneko lantegi aurrean, «dolu» moduan. Atzo goizaldean aurkitu zuten hilik 26 urteko zumaiarra. Gauerdia pasata, haren lankide batzuk Ramos falta zela ohartu, eta haren bila hasi ziren. Goizaldeko 03:00ak aldera aurkitu zuten hondakinak biltzeko aska baten barruan. Gazteari laguntzera joan zirenean zauritu egin ziren, metano gasa arnastu ostean.Ramos hilik zen ordurako.
Hori dela eta, hamaika langileak osasun zentroetara bideratu zituzten. Bi Zarauzko erietxera eraman zituzten, beste bi Mendaroko ospitalera, eta hiru Donostiakora. Gainontzekoak enpresan bertan artatu zituzten. Azterketa medikuak egin ondoren, eguerdirako zortziri eman zieten senda agiria. Beste biek arratsalderako senda-agiria izango zutelakoan ziren lerro hauek idazterakoan. Donostiako ospitalera eraman zutenetako bat zaintza berezietako gunean artatu zuten, baina egonkor zegoen, itxuran.
Hori horrela, 24 orduz Okineko lan jarduera etetea erabaki zuten, hilberriaren familiari eta urkoei errespetua agertzeko. Hala jakinarazi zuten langile batzordeko lehendakari eta ELAko ordezkari Iñaki Benaventek eta sindikatu bereko kide Zigor Gazpiok. Langileek ez zioten bat-batean utzi lan egiteari, ordea. Benaventeren arabera, produktua ekoizten hasten direnean prozesua ezin da une batetik bestera geldiarazi; lau bat ordu itxaron behar dira hori amaitzeko: «Jendea lur jota dago. Eta hala jarraitu du lanean ezbeharraren berri izanda ere, nork bere postuan negarrez, prozesua amaitu den arte». Gaur 14:00ak aldera ekingo diote berriz ere lanari.
Arrazoiak aztertzen
Edizio hau ixterako oraindik ez zuten argitu Ramosen heriotzaren arrazoia. Baina Osalanen ikerketaren lehen emaitzen arabera, enpresako hondakinak edukontzi batera botatzen ari zela hil zen. Jakinarazi zutenez, ogia ekoiztean sortzen diren hondakinak bildu eta edukiontzi jakin batzuetara eramatea zen Ramosen betebeharra. Segurtasun kamerek jasotako irudien bidez ziurtatu zuten hori bera egin zuela zumaiar gazteak gauerdia baino minutu batzuk lehenago. Baina ezin izan zuten jakin askara erori zen, ala bere kabuz bota zen; kamerek ez zuten jaso aipatu ontziaren barruan gertatu zena.
Baleike-k jakin duenez ez da ohiko prozedura langilea edukiontzira sartzea, hondakinak garraiatu eta askara botatzeko ibilgailu berezi batzuk erabiltzen baitituzte. Enpresako iturri batek jakinarazi dionez, ordea, noizean behin ontzira igo eta barruko hondakinak zapaltzen dituzte beharginek, lekua egiteko edota sortzen diren gas burbuilak makil batekin lehertuz, bertan pilatutakoaren bolumena jaisteko.
Bestalde, oraindik ezin izan dute ziurtatu gas toxikoa arnastuta zendu zen ala ez. Ogi hondakinak fermentatzerakoan sortutako gasa arnastuta hil zela da hipotesietariko bat, eta gas-ihesen bat egon ote zen aztertzen ari dira. Hala jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzako enplegu sailburuorde Sonia Perezek.
«Informazioa falta zaigu», adierazi zuen langile batzordeko lehendakariak, zuzendaritzarekin izandako bileratik atera ostean. «Zuzendaritzari gertakariak iker ditzan eskatu diogu». Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak ikerketa zabaldu du, ezbeharra argitzeko.
Erakundeen babesa
Zumaiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ESK-k babesa adierazi die Ramosen senideei eta urkoei. Azis Alberdi eta Maitane Agirre zinegotziak enpresan bertan izan ziren atzo goizean, langileei elkartasuna erakutsi eta gertatutakoaren inguruko zehaztapenak ezagutzeko.
Udalak berriro horrelako lan istripurik gerta ez dadin langileentzat baldintza duinak sustatu eta lan segurtasuna bermatzeko «indar gehiago egitea» galdegin dio enpresari. Aldundiak bat egin du harekin, arazoari aurre egiteko, prebentzioa, prestakuntza eta lan segurtasuna «funtsezkoak» direla esanez. Horrenbestez, enpresei dei egin die lan segurtasunari eta osasunari buruzko araudia «zorrotz bete eta betearaz» dezaten.
Bere aldetik, Zumaiako ESK-k «enpresen interes ekonomikoak pertsonen bizitzaren gainetik» daudela salatu du. «Horrelako istripuak gertatu arte inor ez da arduratzen». Osalanek «gogor» jardungo duela espero du, eta «arduradunak zigortuko dituela».