Euskararen erabilera normalizatzeko Hizkuntza Politika Orokorra sortu dute

Getariako Hitza 2012ko uztailaren 5a

Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko Euskara Batzordea sortu du, erakundeko eta hori osatzen duten udaletako zinegotziekin eta euskara teknikariekin. Batzordeak udal elkartearen eta udalen Hizkuntza Politika Orokorra landu du. Azken urteetan euskararen normalizazio bidean hainbat urrats eman badira ere, «oraindik lan asko dagoela egiteko» uste dutelako. «Norbere etxetik hasi nahi dugu lanean, eta udalek euskaraz funtzionatzea nahi dugu. Uste dugu udalek herritarrentzat eta eragileentzat eredugarriak izan behar dutela, eta hizkuntza politika bateratua baleko instrumentua izango da horretarako», azaldu du Amaia Guruzetak, udal elkarteko lehendakariak. Aiako, Getariako, Zarauzko, Zumaiako eta Orioko udalek onartu egin dute Euskara Batzordeak proposatutako hizkuntza politika, eta aurrerantzea hainbat urrats emango dute hildo hori jarraituz. Lehen neurria Hizuntza Politikan Udal Elkarteak eta udalek konpromiso sorta aurkeztu dute, eta datozen hilabeteetan ekintza puntualak bideratuko dituzte konpromisoak betetzen joateko. Martxan jarriko duten lehen ekimena udalen eta udal elkartearen hornitzaileei harremanak euskaraz izateko eskatzea izango da. «Datozen egunetan jakinaraziko diegu oharrak, fakturak, txostenak eta aurrekontuak, besteak beste, euskaraz ere jaso nahi ditugula, eta ahozko harremana ere ahal dela euskaraz izatea nahi dugula», azaldu du Jon Agirresarobek, Orioko Udaleko euskara zinegotziak. Hornitzaileentzat aldaketa Hasiera batean aldaketak sinplea dirudien arren, hornitzaileentzat aldaketa handia izango dela azaldu du Gari Berasaluzek, Zarauzko euskara zinegotziak. [...]

Aurkezpena

Amets Etxabe, Jon Agirresarobe, Amaia Guruzeta eta Gari Berasaluze (Argazkilaria: Aiora Larrañaga)

Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko Euskara Batzordea sortu du, erakundeko eta hori osatzen duten udaletako zinegotziekin eta euskara teknikariekin. Batzordeak udal elkartearen eta udalen Hizkuntza Politika Orokorra landu du. Azken urteetan euskararen normalizazio bidean hainbat urrats eman badira ere, «oraindik lan asko dagoela egiteko» uste dutelako. «Norbere etxetik hasi nahi dugu lanean, eta udalek euskaraz funtzionatzea nahi dugu. Uste dugu udalek herritarrentzat eta eragileentzat eredugarriak izan behar dutela, eta hizkuntza politika bateratua baleko instrumentua izango da horretarako», azaldu du Amaia Guruzetak, udal elkarteko lehendakariak.
Aiako, Getariako, Zarauzko, Zumaiako eta Orioko udalek onartu egin dute Euskara Batzordeak proposatutako hizkuntza politika, eta aurrerantzea hainbat urrats emango dute hildo hori jarraituz.

Lehen neurria
Hizuntza Politikan Udal Elkarteak eta udalek konpromiso sorta aurkeztu dute, eta datozen hilabeteetan ekintza puntualak bideratuko dituzte konpromisoak betetzen joateko. Martxan jarriko duten lehen ekimena udalen eta udal elkartearen hornitzaileei harremanak euskaraz izateko eskatzea izango da. «Datozen egunetan jakinaraziko diegu oharrak, fakturak, txostenak eta aurrekontuak, besteak beste, euskaraz ere jaso nahi ditugula, eta ahozko harremana ere ahal dela euskaraz izatea nahi dugula», azaldu du Jon Agirresarobek, Orioko Udaleko euskara zinegotziak.

Hornitzaileentzat aldaketa
Hasiera batean aldaketak sinplea dirudien arren, hornitzaileentzat aldaketa handia izango dela azaldu du Gari Berasaluzek, Zarauzko euskara zinegotziak. «Zarauzko Udalean, esaterako, hilero ehunka faktura jasotzen ditugu, eta gehienak, %70 inguru, erdara hutsean jasotzen dira egun. Badakigu Zarauzko Udalari hornitzaileek fakturak euskaraz bidaltzea lortzen badugu, enpresa horiek nolabait euskalduntzea lortuko dugula, eta herritarrei zerbitzu bera euskaraz eskaintzeko aukera izango dute».

Aldaketa «modu positiboan» egiten saiatuko dira. «Baina argi dugu euskara errespetatzeko ahalegina eskatu behar zaiela, 2012an oraindik ere zoritxarrez errespetatzen ez duten horiei. Urrats txikiak eginda, emaitza handiak lortu ditzakegula uste dugu», gaineratu du.

Urrats txikiak
Udal Elkarteko Euskara Batzordeak uste du lan egiteko modu eraginkorra dela eurak datozen hilabetetan abiatuko dutena. «Konpromiso asko hartu daitezke eta bat bera ere burutu ez. Guk nahiago izan dugu helburu txikiak hartu eta horiek betetzen ahalegindu. Pixkanaka joango gara, lortzen ditugun emaitzak ikusiz eta aztertuz eta horiei helburu berriak gehituz» azaldu du Agirresarobek.

——————————————-

Urola Kostako Udal Elkartearen Hizkuntza Politika Orokorra
Oinarriak
1. Euskara da gure udalerrietako hizkuntza.
2.  Administrazio publiko gisa, gure egitekoa da euskararen erabilera normalizatzea, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzea eta hurrengo belaunaldiei eskaintzea.
3. Udal zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeaz gain, geure egiten dugu gure lurralde eremuan alor guztietan euskararen erabilera normalizatzeko helburua. Hori lortzeko erabaki eta irizpide bateratuekin jokatuko da.
4. Udalen eta Udal Elkartearen zerbitzu eta lan hizkuntza euskara izango da, barne funtzionamenduari dagokionean nahiz kanpora begira.
5. Herritarrei lehen hitza euskaraz egingo zaie eta hizkuntza aldatzen badute eurek aukeratutako hizkuntzan erantzungo zaie. Era berean, hartzaile jakinik gabeko argitalpenak, errotuluak eta udaletako mezuak euskara hutsea egingo dira. Bestela, euskara lehenetsiko da.
6. Udalen eta Udal Elkartearen arteko harremanak euskaraz izango dira eta Euskal Herrian kokatuta dauden adiministrazioekin harremanak euskara hutsean izatera joko da. Era berean, udalentzat lan egiten dute enpresa eta erakundeekin harremanak euskara hutsean izatera joko da.
7. Udaletan nahiz udal elkarteetan egiten diren langileen kontratazioetan, lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatuko da.
8. Modu berean, egiten diren zerbitzuen kontratazioetan eta elkarteei ematen zaizkien era guztietako diru-laguntzetan hizkuntzak baldintzak ezarri eta betearaziko dira.
9. Jendaurreko ekitaldietan euskara erabiliko dugu, eta bitan izan behar duten kasuetan, euskara lehenetsiko da.
10. Hizkuntza politika orokor hau garatzeko udal bakoitzak eta Udal Elkarteak hizkuntza irizpide zehatzak landu, onartu eta moldatuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide