Gorka Ramos, 26 urteko zumaiarra, hil egin da, eta beste 11 langile zauritu dira Oikiako Jose Mari Korta industriaguneko Okin enpresan, istripu batean. Goizaldean jazo da ezbeharra, 03:00ak inguruan. Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak jakinarazi duenez, gaztea fermentazio aska batera erori da, eta haren lankideak laguntzera joan direnean zauritu egin dira, metano gasa arnastu ostean. Zumaiarra, berriz, bertan zendu da. 11 langileak osasun zentroetara bideratu dituzte. Bi Zarauzko erietxera eraman dituzte, beste bi Mendaroko ospitalera, eta hiru Donostiako ospitalera. Gainontzekoak enpresan bertan artatu dituzte. Azterketa medikuak egin ondoren, hiruri eman diete alta. Donostiako ospitalean dagoenetako bat zaintza berezietako gunean dago, larri, itxuran, eta beste biak behaketa gunean.
Lan jarduera 24 orduz etetea erabaki dute enpresan. Hala adierazi dute langile batzordeko zuzendari Iñaki Benaventek eta ELAko Zigor Gazpiok. Bihar egingo dute dolu elkarretaratzea, 11:00etan, enpresa atarian.
Zumaiako Udal Gobernuko zinegotzi Maitane Agirre eta Azis Alberdi enpresara gerturatu dira, informazio bila. Iñaki Agirrezabalaga alkatea, bere aldetik, enpresako zuzendaritzarekin jarri da harremanetan. Ez duela istripuaren inguruko xehetasunik adierazi du, eta larrien dagoen langilea izan du gogoan; haren egoera oker ez dadin espero duela adierazi. Era berean, lan baldintza duinak behar direla nabarmendu du, istripuak saihesteko.
Oraindik ez dute argitu nola jauzi den langilea fermentazio askara. Ogi hondakinak fermentatzerakoan sortutako gasa arnastuta hil dela da hipotesi nagusia, eta gas-ihesen bat egon ote den aztertzen ari dira. Osalanek ikertzen jarraitzen du. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako enplegu sailburuorde Sonia Perezek. Segurtasun kamerek hartutako irudiak ari dira ikusten, beharginak egindako ibilbidea ezagutu, eta ondorioren bat ateratzeko.
Hedabide askotako kazetariak eta kameralariak bildu dira enpresa atarian.