Herriko kaleak agertoki bihurtuta

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko uztailaren 4a

Udarekin iritsi da eguraldi ona, eta horrekin aire zabalaz gozatzeko leku perfektua bilakatu da  Zarautz. Hori aprobetxatuz, herriko hainbat gune agertoki bilakatuko dituzte uztailaren 5etik 7ra. Izan ere, iritsi da urteroko hitzordua: Kalerki ekimena. Alproja kultur taldeak antolatu eta Zarauzko Udaleko Kultura sailak babestutako ekimen horren baitan, hiru egunez bederatzi antzezlan emango dituzte. Eta protagonistak, askotarikoak izango dira: Euskal Herrikoak Alproja, Patxi Santamaria, Organik Dantza Taldea eta Markeliñe ; Kataluniako Visitants; Chileko Murmuyo y Metrayeta; Italiako Nily Nils eta Extremadurako (Espainia) Teatrapo, hain zuzen. Euskaldunen artean, bi zarauztarrak dira: ekimenaren antolatzailea bera, Alproja taldea,  eta Santamaria. Zarauzko kultur talde hori izango da, hain zuzen, Kalerkiri hasiera emango diona, ostegunean. Aurten Hau hastera doa lana eskainiko dute zarauztarrek, Lege Zaharren enparantzan, Musika Plazan eta Kale Nagusian. Izenak adierazten duen moduan, antzerki topaketak hasi direla iragarriko dute zarauztarrek. Alprojako kide Ainhoa Alberdik adierazi duenez, «aperitibo» modukoa izango da aurtengo euren antzezlana: «Gure helburua ekimena badatorrela aldarrikatzea izango da; herrian antzerkiaren energia piztu eta herritarrak opari horretarako prestatzea». Kale animazioan oinarrituko dira nagusiki: «Jolas modukoa proposatuko dugu. Jendea zirikatuko dugu, euren parte hartzea bilatuz». Jakinarazi duenez, Kalerkiren egitaraua daramaten eskuorriak banatu dizkiete bertaratzen direnei, eta bozgorailu bidez ere emango dute antzezlanen berri.  Gaztelekuan [...]

Kalerki2011

Alproja Kultur Taldeko kideak Bakhara antzezlana eskaintzen iaz, Lege Zaharren enparantzan (Argazkilaria: Aritz Mutiozabal)

Udarekin iritsi da eguraldi ona, eta horrekin aire zabalaz gozatzeko leku perfektua bilakatu da  Zarautz. Hori aprobetxatuz, herriko hainbat gune agertoki bilakatuko dituzte uztailaren 5etik 7ra. Izan ere, iritsi da urteroko hitzordua: Kalerki ekimena. Alproja kultur taldeak antolatu eta Zarauzko Udaleko Kultura sailak babestutako ekimen horren baitan, hiru egunez bederatzi antzezlan emango dituzte. Eta protagonistak, askotarikoak izango dira: Euskal Herrikoak Alproja, Patxi Santamaria, Organik Dantza Taldea eta Markeliñe ; Kataluniako Visitants; Chileko Murmuyo y Metrayeta; Italiako Nily Nils eta Extremadurako (Espainia) Teatrapo, hain zuzen.

Euskaldunen artean, bi zarauztarrak dira: ekimenaren antolatzailea bera, Alproja taldea,  eta Santamaria. Zarauzko kultur talde hori izango da, hain zuzen, Kalerkiri hasiera emango diona, ostegunean. Aurten Hau hastera doa lana eskainiko dute zarauztarrek, Lege Zaharren enparantzan, Musika Plazan eta Kale Nagusian. Izenak adierazten duen moduan, antzerki topaketak hasi direla iragarriko dute zarauztarrek. Alprojako kide Ainhoa Alberdik adierazi duenez, «aperitibo» modukoa izango da aurtengo euren antzezlana: «Gure helburua ekimena badatorrela aldarrikatzea izango da; herrian antzerkiaren energia piztu eta herritarrak opari horretarako prestatzea».

Kale animazioan oinarrituko dira nagusiki: «Jolas modukoa proposatuko dugu. Jendea zirikatuko dugu, euren parte hartzea bilatuz». Jakinarazi duenez, Kalerkiren egitaraua daramaten eskuorriak banatu dizkiete bertaratzen direnei, eta bozgorailu bidez ere emango dute antzezlanen berri.  Gaztelekuan hasiko dute ibilbidea, orga eta guzti, eta hainbat geldialdi egin: Lege Zaharren enparantzan lehenbizi, Musika Plazan gero eta, azkenik, Torre Luzeako parkean, Kale Nagusitik igaro ostean. «Torre Luzean amaituko dugu ikuskizuna, bertan hasiko baita bigarren emanaldia».

Kritika umoretsua
Santamariak, berriz, egungo testuingurua kritikatuko du Aktibo toxikoa antzezlanaren bitartez: «Krisia dela-eta, kexatzeaz gain, beste zerbait egin beharra dagoela pentsatu nuen, eta nire kasuan, zer hobeto antzerkiarekin baino?».

Hori dela-eta, krisiaren inguruan ideiak batzen hasi zen Santamaria. Eta Mikel Elortzaren laguntzarekin, gidoia osatu zuen. Hasieran, antzezlana aretorako prestatu zuen—udazken aldera estreinatuko du—, baina gero kalean egitea otu zitzaion. Inaxio Tolosa zumaiarraren zuzendaritzapean, moldaketak egin eta estreinakoz Kalerkiren barruan antzeztea erabaki zuen orduan aktore zarauztarrak.

Gaia serioa den arren, umore  puntua gehitu dio Santamariak: «Jauregi da protagonista, beste askoren moduan, krisiak jo duen gizon berritsua. Amorratuta dago, bere kexuak azaltzeko gogoz. Hori dela eta, ekitaldi jakin bat aprobetxatuko du barrena hustutzeko. Krisiaz ari den arren, umoretsua izango da». Izan ere, «ondo pasatzea» izango da helburua, «egoeraren jakitun izanda, noski». Bakarrizketan oinarrituta dago lana, baina jolasa proposatuko du, bertaratzen direnen parte hartzea sustatuz. «Hortik dator izenburua, aktibo toxikoa». Horrez gain, koreografia bat ere izango da. Mikel Erguin dantzariak lagundu dio hori prestatzen.

 

Kalerki ekimena: egitaraua
Uztailak 5, bihar
18:00. Alproja taldearen eskutik, Hau hastero doa antzezlana, Lege Zaharren enparantzan, Musika Plazan eta Kale Nagusian zehar.
19:00. Visitants taldearen eskutik, Judith &Paul lana, Torre Luzeako parkean. Euria eginez gero, Gaztelekuan izango da.
20:30. Murmuyo y metrayeta taldearen eskutik, Quieres ser mi amigo? antzezlana, Musika Plazan eta Lege Zaharren enparantzan.

Uztailak 6, etzi
19:00. Patxi Santamariaren eskutik, Aktibo toxikoa  antzezlana, Frontoi Txikin. Euria eginez gero, Gaztelekuan izango da.
20:30. Nily Nils taldearen eskutik, Nily Nils show antzezlana, Lege Zaharren enparantzan. Euria eginez gero, Gaztelekuan izango da.
00:00. Organik dantza taldearen eskutik, Malditas antzezlana, Torre Luzeako parkean. Euria eginez gero, kiroldegian izango da emanaldia.

Uztailak 7, larunbata
19:00. Markeliñe taldearen eskutik, Zoozoom  antzezlana, Villa Manuelako frontoain. Euria eginez gero, Gaztelekuan izango da.
20:00. Trapu zaharrak taldearen eskutik, Bizi ametsetan? antzezlana, Lege Zaharren enparantzan.
00:00. Teatrapo taldearen eskutik, Natura… principio y fin antzezlana, itsas pasealekuan. Euria eginez gero, kiroldegian izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide