Gaur eguerdian Donostiako portuko lonjan bisigu errea izan da protagonista. Izan ere, Orioko Bisiguaren Festako bosgarren edizioa aurkeztu dute Orioko alkate Beñat Solaberrietak, ekimenean parte hartuko duten Joxe Miel Zendoia, Luis Mari Uranga eta Mikel Manterola parrilleroek, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendari Jokin Diazek eta Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizeagak.
Jaialdi gastronomikoa uztailaren 19tik 22ra bitartean ospatuko da Orioko plaza inguruan eta lau egunetan 500 bisigu inguru erreko direla azaldu du Solaberrietak prentsa agerraldian. Bisiguaren Jaian bost platerez osatutako menua 45 eurotan dastatzeko aukera izango dute datozen egunetan txartelak eskuratzen dituzten herritar eta bisitariek. Orioko alkatearen esanetan "oriotarrei eta gure herrira gerturatzen diren guztiei bisigua prezio erakargarian jateko aukera eman nahi diegu Bisiguaren Festan".
Orioko Bisiguaren Festan bisigua dastatu nahi dutenek, Orioko Turismo Bulegora bertaratu beharko dute edo 943-830904 telfono zenbakira hots egin txartelak erosteko.