Kantauri Itsasoko traineru estropaden liga nagusia, San Miguel Liga pasa den asteburuan abiatu dute Zierbenako uretan. Eta Zumaiak, eskualdeko ordezkari bakarrak, lan txukuna egin du denboraldiaren hasiera horretan. Izan ere, Zumaiako Telmo Deun ontziak zazpigarren postua lortu zuen asteburuko bi estropadetan, eta gustura dira taldeko arduradunak egindako lanarekin.
Aurtengo denboaldiari begira helburu nagusia mailari eustea dute zumaiarrek eta xedea lortzeko martxa onean abiatu dute liga; denera, 12 puntu bereganatu baititu jada talde gorriak, eta zazpigarren kokatu da sailkapen nagusian. Beraz, datorren asteburuko estropadan bigarren txandan jokatuko du Telmo Deunek San Pedro, Tiran eta Castroren aurka.
Estropada faboritoen aurka
Zierbenan jokatu zuten zumaiarrek denboraldiko lehen estropada eta lehen txandan egin zuen arraun eskualdeko traineruak, hiru faboritoren aurka: Hondarribia, Tiran eta Kaikurekin hain zuzen ere. Hurrenkera horretan sartu ziren helmugara traineruak eta Zumaia izan zen laugarren ontzia. Hondarribiak 34 segundotako aldea atera zion.
Bigarren eta hirugarren txandetan haizea zakartu zen Zierbena aldean, eta txanda horiek jokatu zituzten traineruei ez zien batere mesederik egin aldaketak. Azkenean, Hondarribiak irabazi zuen bandera, eta zumaiarrek puntu kopuru polita eskuratzea lortu zuten.
Igandean estropada ikusgarria jokatu zuten Xanti Zabaletaren arraunlariek Astilleron (Kantabria, Espainia). Bigarren txandan jokatu zuten zumaiarrek, Astillero, San Pedro eta Urdaibairen aurka eta euren txandan hirugarren denbora onena egitea lortu zuten, Urdaibairen eta San Pedroren atzetik; Astillerori, berriz, 16 segundo atera zizkion Telmo Deun ontziak.
Zumaiako Arraun Elkarteko presidente Luis Mari Goikoetxea Goiko «gustura» da taldeak asteburuan egin duen lanarekin. «Oso asteburu positiboa izan da, ederki abiatu dugu TKE Liga, sasoian gaudela erakutsi dugu eta martxa hori jarraitu nahiko genuke denboraldi osoan zehar. Erakutsi dugu bigarren txanda horretan norgehiagokan aritzeko gai garela eta horretan saiatuko gara hurrengo estropadetan. Dena dela, jakin badakigu ez dela erraza izango».
Denboraldiari begira, hasiera batean maila mantentzea zen talde gorriaren helburua. «Ikusi dugu mantentzeaz gain, zerbait gehiago lortu dezakegula eta horretan saiatuko gara», adierazi du Zumaiako Arraun Elkarteko presidenteak.
KAE 2 ligan oriotarrak nagusi
TKE liga ez ezik, gizonezkoetan gainontzeko traineru ligak ere abian dira. KAE 2 ligako bigarren jardunaldian Pasai San Pedron, esaterako, Orio B taldeak Kofradiaren XVIII. Ikurriña irabazi zuen larunbatean. Liga estua jokatu zuten oriotarrek sailkapen nagusian buru zen Trintxerperen aurka, eta azkenean segundo eskaseko aldea aterata nagusitu zen talde horia. Garaipenaren ondoren ligaren buruan jarri dira oriotarrak Trintxerperekin 25 puntura berdinduta.
Hasiera bikaina etxean
Orioko San Pedro jaien barruan, Emakumezkoen Gipuzkoako Traineru Ligako lehen estropada jokatu zen eta etxeko taldeak lan bikaina egin eta bandera irabaztea lortu zuen. Estropada sailkapen nagusiarako puntuagarria ez den arren, oriotarrek sasoi onean daudela erakutsi zuten igandean.