Aspaldi bazen antzerki talde bat Zestoan. Hala kontatu du, behintzat, Amancay Gaztañagak. «Gure aitaren izeko eta beste hainbat lagun Zestoako antzerki taldean ibiltzen ziren 1940. urte inguruan, badakit». Urte askoan ez da talderik izan, baina bat osatu berri dute hamabost zestoarrek.
Urtean zehar hainbat egileren lanak aukeratu, eta eszenak lantzen aritu dira, teknika ikasteko asmoz. Anton Txekhov, Arthur Miller, Federico Garcia Lorca eta Bertolt Brecht idazleen lanen zatiak antzezten aritu dira, eta hain justu ere, horien lanak taularatuko dituzte datorren igandean, uztailak 1. Kultur Etxean egingo dute saioa, 19:00etan, baina sarrerak dagoeneko agortu dira. Udaletxean egon dira saltzen, 3 euroan.
Urtebete da taldea martxan hasi zela. Gaztañagak iaz udaletxean aurkeztutako proiektu batetik sortu da guztia. «Zestoan antzerki talde bat sortzeko proiektua aurkeztu nion udaletxeari. Aurrenengo hiru urtean William Laytonen interpretazio teknika ikastea da plana. Ondoren, laugarren urtean, antzerki taldea osatua egongo da. Orduan hasiko gara lan zehatzak lantzen».
Kopurua eta aniztasuna
Aurrenengo urtea «oso esperientzia ona» izan dela azaldu du irakasleak. Taldekide kopuruari dagokionean «ez dago aitzakiarik», hamabost baitira, eta adin tarteari dagokionean ere aniztasuna da nagusi, gazteenetik zaharrenera ia mende erdiko aldea baitago. «Gazteenak 16 urte dauzka, eta zaharrenak, berriz, 58». Nabari denez, «gauza ezberdinak lantzeko aukera» ematen duela garbi azaldu du Gaztañagak. Kopuruak kopuru, eta adin tarteak adin tarte, «denen artean lan polita» egin dutelakoan da.
Datorren urtean antzera jarraitzea espero du Gaztañagak. Hau da, «obra laburrak egiten segiko dugu, baina aurtengoak baino zerbait luzeagoak, eta pertsonaiaren karakterizazioan eta sormenean murgilduko gara aurten baino gehiago. Aurten, testu bat nola landu ikasi dugu, gehienbat. Datorren urtean testuaren teknika landuta daukagula, pertsonaiaren barrura nola sartu ikasten saiatuko gara». Hirugarrengoan obra luzeagoak egingo dituzte, eta laugarrengoan, obra luze bat antzeztu nahiko luketela azaldu du.
Zestoan antzerkirako dagoen trebeziaz galdetuta, azkar erantzun du baietz Gaztañagak. «Nik uste Zestoak harrobi ona daukala. Artearen munduan harrobi handia dago, bai interpretazioari, bai musikari dagokionean. Berezia izan da alde horretatik, eta hala izaten segiko du».