Zestoako futbol klubeko zuzendaritzak lekukoa hartuko dutenak behar ditu. Baina oraingoz inork ez du bere burua eskaini herriko futbol taldeen ardura hartzeko. Hala dio Aitor Irure Netzer-ek: «Orain bi urte hartu genuen Zestoako futbol taldeen ardura. Orduan ere inor ez zegoen prest kargua hartzeko, eta guk argi azaldu genuen denbora gutxirako konpromisoa hartzen genuena». Azken bi denboraldietan zuzendaritzako kidea izan da Irure.
Orain dela hilabete eta erdi inguru, futbol klubaren egoera azaltzeko, diru kontuen berri emateko, eta zuzendaritza berria behar zela azaltzeko batzarra egin zuten. «Baina orduan ere inor ez zen prest azaldu zuzendaritzan jarduteko». Jendea laguntzeko prest badago, baina inork ez du ardurarik hartu nahi, Irureren arabera. «Lagundu bai, baina ardura inork ez du hartu nahi, eta guk diogu laguntzeko gu ere hortxe egongo garela». Azken batean, «hiru-lau lagunen artean» eramateko moduko kontua dela azaldu dute klubaz arduratu direnek.
Inork «esku hartu» nahi ez izatea «tristea» dela diote zuzendaritzakoek. «Jendeak herrian futbol taldeak egon daitezen nahi du, eta seme-alabek futbolean aritzeko aukera izan dezaten. Baina inor ez dago inplikatzeko prest».
Denbora aurrera
Zestoako futbol klubak bukatu berri den denboraldian neska-mutilen sei talde izan ditu. Baina taldeak erregistratzeko eta osatzeko garaia da orain, eta denbora aurrera doala-eta kezkatuta daude futbol klubaz arduratu direnak. «Iaz, garai honetarako futbol taldeak osatu samartuta zeuden».
Taldea ekonomikoki «sano» dagoela azaldu dute. Arduradun berriek, alde horretatik, ondo hartuko lukete kluba, egungo zuzendaritzaren arabera. «Guk egoera okerragoan hartu genuen, baina egun ekonomikoki sano dago».
Zestoako futbolari lotutako herritarrak edota jokalarien gurasoak ardura hartzera animatu dituzte. «Herriko futbolzaleek inplikatu beharra daukate».
Zestoako gizonezkoen taldea Preferente mailakoa da. Bukatu berri den denboraldia sailkapeneko 11. postuan amaitu du. Horrez gainera, Zestoak Lehen Erregional mailan, jubeniletan, kadeteetan eta infantiletan mutilen taldeak ditu. Nesketan, berriz, kadeteetan du taldea.
