Getariako Udal Gobernuko kideak «esperientzi gabeak» direnez, agintaldiko lehenbiziko urtea «ikasten eta kokatzen» eman dute. Hala ere, «ametsa egi bilakatzen urrats esanguratsuak» eman dituztela nabarmendu dute lehen urte horretako jardunaren balorazioa egitean. Jakinarazi dutenez, hauteskunde kanpainan aurkeztutako herri programan oinarritu dira pausoak ematekoan. «Gure xede estrategikoa ere argi izan dugu: guztion artean Getaria eta Euskal Herri berri bat eraikitzea». Horretarako hainbat balio sustatu dituzte: euskalduntasuna, justizia soziala, parekidetasuna, aniztasuna, parte hartzea eta ongizatea, besteak beste. «Gauzak beste era batera egin daitezkeela nabarmendu genuen duela urtebete; ordutik hona, hori posible dela erakusten ari gara», diote.
Horren harira, arlo bakoitzean emandako urratsak eta erabaki nagusiak gogoratu dituzte. Euskara «ezinbestekoa» eta «garrantzi handiko» alorra izanik, hainbat pauso eman dituzte: berriz ere, Ueman barneratzea lortu dute; herriko toponimiaren azterketa egiten ari dira eta Urola Kostako Hitza egunkaria eta Artzape herri aldizkariarekin hitzarmenak sinatu dituzte. «Artzaperekiko hitzarmena berritu da, eta laguntza handitu zaio, neurri puntual gisa bere egoera larria arindu eta herritarren postontzietara irits dadin».
Herritik herritarrentzako
Horrez gain, festa herrikoien aldeko apustua egin du Getariako Udal Gobernuak: «Jai batzordearen bidez, herritik herritareentzako festak bultzatu ditugu, ahalik eta herritar gehienen partaidetzarekin». Festen antolaketan aurrekontua asko jaitsi dute, 32.000 euro aurreztuz eta festen kalitatea mantenduz. Bestalde, Kultura, Kirol eta Elkano Mahaiak jarri dituzten martxan: «Herritarrekiko zuzeneko harremana, gardentasuna eta gertutasuna dira gure oinarri sendoenetako batzuk». Bestalde, krisiak krisi, zerbitzu sozialak mantendu dituzte, eta Helduen Kontseiluarekin elkarlana sustatu.
Hirigintza alorrean ere hainbat erabaki hartu dute: Balentziaga kaleko garajeak aurten martxan jartzea aurreikusi , azpiegiturak hobeto aprobetxatzea sustatu eta Katrapona plazako sarbidea eta herriko irisgarritasuna hobetuko dute. «Makroproiektuak sustatzen jarraitu beharrean, gauza txikiak ahalik eta ondoen egitearen aldeko apustua egin dugu», nabarmendu dute.
Horri lotuta, eta haurrent ongizateari begira, Aldamar parkeko jolastokia berrituko dute aurten eta haurtzaindegia ere legegintzaldiko lehentasunetan kokatu dute.
Urola Kostako hainbat herritan bezala, gaikako bilketa indartzeko kontzientziazio kanpainak jarri dituzte martxan Getarian ere: «Gai honek duen garrantzia nabarmendu dugu eta herrian eztabaida sustatu». Alde horretatik, Udal Gobernuaren jarrera «argia» da: Zero Zabor filosofiarekin bat egitea, orain arteko ereduaren aldaketa, gaikako bilketaren aldeko apustua eta errauste planta «alferrikako gastua» delako pentsamendu irmoa.
Diru publikoa, arduraz
Halaber, turismoko plan estrategikoa onartu dute. Turismo bulegoa urte guztian irekita egotea bermatu da GETABAT eta Udalak sinatutako hitzarmenari esker. Hala, 13.000 euro aurreztu dituzte, «kalitatezko zerbitzuak eskainiz».
Ogasunaren kasuan, gastu partida asko murrizku direla gogoratu dute Udal Gobernuko ordezkariek, eta hainbat murrizketa egin direla. Goi karguen soldatak %56 jaitsi dituzte, eta bi liberatutik bakarra izatera pasatu, esaterako. Horrekin batera, zinegotzien dietak %20 jaitsi dituzte. «Diru publikoa arduraz kudeatu dugu, xahubide edo despilfarroekin bukatuz eta gehiegizko zorpetzearen tranpan erori gabe», diote.