Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Beñat Lizeaga gazte zumaiarra aske uztekoak ziren atzo. Aranjuezko espetxetik (Madril, Espainia) ilunabar aldera aterako zela aurreikusi zuten; lerro hauek idazterako oraindik ez zuten askatu. Epaiketa egin bitartean behin-behinean aske uztea erabaki du epaileak, 30.000 euroko fiantzapean.
Haren abokatuak HITZA-ri jakinarazi dioenez, baldintza gehiago ere ezarriko dizkio epaileak, baina oraindik ez dute zehaztu zein izango diren. Lizeagarekin batera 30 lagun daude auzipetuta, eta gehienak kalean direla azaldu du abokatuak. Lizeagarekin batera atzo aske uztekoak ziren Xalbador Ramirez,
Aitziber Plazaola eta Bergoi Madernaz.
Udalen babesa
Lizeagak ez zuela «inoiz preso egon behar» berretsi du, bere aldetik, Zumaiako Udalak. «Zumaiako Udalak 2011ko otsaileko plenoan Izpuran itxialdian zeuden gazteak —tartean Lizeaga bera— ez Espainiaratzeko eskatzeko onartutako mozioan adierazi bezala, proiektu politiko guztiak bermatuta izango diren eszenatoki politiko baten alde lanean segitzen du, lan politikoa egiteagatik inor gehiago ez atxilotzeko, eta arrazoi horregatik espetxean direnak askatzeko».
Bestalde, Aizarnazabalgo Udalak ongietorria eman dio gazte zumaiarrari, eta besarkada bat helarazi die haren senitarteko eta lagunei.
Lizeaga iazko martxoan atxilotu zuten Frantzian, eta apirilean Espainiaratu zuten, euroagindu baten bidez. Fernando Grande Marlaska epailearen aurrean, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen. Bertan, «torturatu zezaketelakoan» egin zuela iparraldera alde nabarmendu zuen Lizeagak. Eta han «bizitza publikoa eta normala» zeramala deklaratu zuen.