Auzo batzordeak osatu eta auzo alkateak aukeratzeko prozesua martxan du Azpeitiko Udalak. Era horretan, herritarren eta herriko eragileen parte hartzea bermatzeko beste bitarteko bat sortuko du. Herrigunetik kanpo dauden auzoetan osatuko dituzte batzordeak eta aukeratuko auzo alkateak, hala nola, Aratz Errekan, Nuarben, Urrestillan, Lasaon eta Matxinbentan.
«Demokrazia eredu berri baten aldeko apustua egin eta herritarren partaidetzan oinarritu nahi dugu. Herritarrak protagonista bilakatu eta kudeaketa gardenaren aldeko bidea eginez», azaldu du Ainhoa Beristain zinegotziak (Bildu). Hori hala izateko hainbat urrats eman dituzte dagoeneko: arloetako mahaien jarraipena, aurrekontuak osatzeko prozesu parte-hartzailea edota onartzear dagoen parte hartze ordenantza.
Auzoen «bizi kalitatea eta izaera indartzeko» asmoarekin, auzotarren parte hartzea sustatu nahi du Udalak. Hori hala izan dadin, bitartekoak eta erraztasunak auzotarren eskura ipintzeko auzo batzordeak eratu eta auzo alkateak aukeratzeko prozesua abian jarri du Udalak.
Datorren hilaren erdi alderako auzo guztietan batzordeak osatuta eta alkateak aukeratuta izatea espero dute.
Auzotarrek ekimena ondo hartu dutela esan dute udaleko ordezkariek, «begi onez ikusi dute auzoko batzordea eratu eta auzo alkatea aukeratzeko prozesua, eta horrek posible egingo du antolaketa berri bat eratzea». Auzotarrek erakutsitako prestutasuna zoriondu du Udalak.
Auzo alkateak izango dituen eskumen nagusienak dira, besteak beste, auzotarrekin bitartekaritza egitea, udalari auzotarren eskariak aurkeztea, edota Udalak zabaldu nahi dituen jardueren berri auzotarrei jakinaraztea.
Nuarben gaur bilera
Nuarben auzoko batzordea osatzeko asmoarekin gaur bilera egingo dute, 21:30ean hasita, Nuarbeko sokatirako egoitzan. Gaiak duen garrantziagatik nuarbetarrei bertan parte hartzeko deia egin diete, «talde edo batzorde sendo eta irekia osatu nahi dugu», azaldu dute.