Amiantoaren gordina, argitara

Ane Olaizola 2012ko ekainaren 27a

Pauso garrantzitsua izan da Osalanek Xeyk amiantoarekin lan egin zuela baieztatzea, eta, beraz, nire aita mineral minbizi-sortzailearen ondorioz hil zela onartzea. Orain, Gizarte Segurantzak aita lan gaixotasunarengatik hil zela aitor dezan borroka egin behar dugu». Francisco Leonen hitzak dira. Bere aita, Francisco Leon, iazko azaroan hil zen, biriketako minbiziaren ondorioz. 1972. urtetik 2005. urtera bitartean Zumaiako Oikia auzoko Xey enpresan egin zuen lan. Mantentze-lanetarako mekanikoa izan zen, erretiratu zen arte. Hil aurretik, ordea, laneko jarduerak idatzita utzi zituen. Horietan oinarrituta, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak Leonek amiantoa erabili zuen ala ez jakiteko ikerketa abiatu zuen. UROLA KOSTAKO HITZA-k jakin duenez, «noizean behin» amiantoa zuten materialak «manipulatu» zituela ebatzi du erakundeak. Zumaiarrak adierazi duenez, bere aitak hainbat jarduera egin zuen enpresan, eta horietako bat melamina prentsen estalkiak aldatzea izan zen. Horretarako mantak erabiltzen zituzten, eta estalkiei «amiantozko mantak» deitzen zieten. Honen arabera, hori egiterakoan eskularru batzuekin babesten zen, plantxek 180 graduko tenperatura zutelako. «Oso zaila da amiantoa erabiltzen zutela frogatzea, baina langileek mantei izen hori ematea esanguratsua da». Behin jubilatu zenean, lanpostu bera zuen lankide batekin batera bideo bat egin zuen. Biek ala biek zioten amiantoa baliatu zutela ikusentzunezkoan. Mirenalarekin lan egiteaz gain, ordea, Leonek hil aurretik jakinarazi zuen «zenbaitetan» Zumaiako saltoki batera joan  zela amiantoa erostera. Hain zuzen, Osalanek saltoki horretako egungo arduraduna elkarrizketatu du, eta honek aitortu du «duela urte asko amiantozko manta, plantxa, zintza eta kordoiak» saltzen zirela dendan, minerala «debekatu» zuten arte. Leonek ez zuen inoiz etxean aipatu amiantoa erabiltzen zuenik. Izan ere, semearen arabera, «langileek jakin gabe erabili dute amiantoa». Leonen lankideetako batek gaineratu du garai hartan «normaltasun osoz» egiten zutela lan mineral horrekin. «Langileak ez dituzte informatu, eta amiantoa erabiltzen zuten, zerbait txarra zela jakin gabe». Leon 2005eko maiatzean jubilatu zen, eta «berehala» hasi zen gaixotasuna sintomak nabaritzen, urria inguruan. «Estulka hasten zen, eta asko nekatzen zen». Zarauzko osasun zentrora joan zen, eta plakak atera zizkioten. Gero, semea bera joan zen emaitzak jasotzera, eta orduan esan zioten aitaren egoerak «itxura txarra» zuela. Ondoren, Donostiako ospitalera jo zutela gogoratzen du semeak. Bertan, esfortzu proba egin zioten, eta unean bertan esan zioten odolean oxigenoa falta zuela. Ospitaleratu egin zuten, eta frogak egin ostean jakinarazi zioten biriketako minbizia zuela. «Hasieran aitak uste zuen tabakoak eragin ziola minbizia. Erretzailea izan zen, baina azken hamar urteetan utzita zuen tabakoa. Medikuak segituan ukatu zion, eta esan zion tabakoa uztean birikak onera etortzen direla, are gehiago hamar urte erre gabe egonez gero». Orduan hasi ziren gaixotasunaren jatorria zein izan zitekeen ikertzen. Enpresan erabili izan zuen kolak eragina izan zezakeela pentsatu zuen lehenbizi. Leonek gordetegiak kolarekin garbitzen zituela gogoan dute semeak eta lankide batek. Jarduera hark «izugarrizko jipoia» ematen ziola adierazi du semeak. «Garbitzeko tenperatura altuak jasatzen zituen, eta uste zuen horrek eragin ziola gaixotasuna», gaineratu du lankide ohiak. Izan ere, amiantoaren ondorioak «gerora», denbora jakin bat igarotakoan nabaritzen dira. Prozesua, amaitu gabe Leoni ez ezik, jarduera bera egiten zuen lankideetako bati ere gaixotasun bera diagnostikatu zioten. «Amiantoaren inguruko hitzaldi bat entzun nuen, eta orduan informatu ginen mineral horren inguruan. Leon eta bere lankidearekin gogoratu ginen, gaixotasun bera zutelako, eta biak elkartu genituen, bideo bat grabatuz beren lan jarduna azal zezaten. Argi eta gabi onartu zuten amiantoa erabili zutena enpresan, estalkiei izen horrekin deitzen zietelako. Hala ere, zaila da hori frogatzea», adierazi du Leonen lankide ohiak. Honen arabera, normalean mantenuko langileek erabiltzen zituzten mantok. Bideoa grabatuta, bere lan jardueraren nondik norakoak idatzi zituen Leonek, duela bi urte. «Bertan idatzi zuen erretzailea izan zela, eta mantak erabili zituela». Hala ere, semearen arabera, Leonek ez zuen auzibiderik hasi nahi. «Nahikoa dut daukadanarekin, eta lasai bizi nahi dut, esaten zuen aitak». Leon hil zenean hasi ziren senideak horretan. Asviamie Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartearekin jarri ziren harremanetan, eta kideek gomendatu zieten «aurrera egiteko». «Elkartearentzat oso garrantzitsua da halako kasuak plazaratzea, jende askok ez dakielako ezer, eta kontzientzia eta informazio izugarria dagoelako». CCOOeko Lan Osasuneko ardunadurarengana jo zuten senideek. Ordutik hark dihardu Leonek amiantoa erabili zuela eta lan gaixotasuna medio hil zela aitor dezaten lanean. Lehenengoa lortu dute dagoeneko, eta orain gaixotasun profesionala aitortzea izango da azken pausoa. Osalanek jaso du Leon adenocartzinoma gaixotasunaren eraginez hil zela, eta gaixotasun hori lan gaixotasunen taulan dago sailkatuta. «Lan gaixotasuna izan zela aitortzeko pauso garrantzitsua da hori. Bide luzea egin dugu dagoeneko». Hala, Osalanek egindako txostena Gizarte Segurantzara iritsiko dela jakinarazi du semeak. Hari dagokio aita gaixotasun profesionalaren ondorioz hil zen edo ez zehaztea. Berrestuko ez balu, «epaitegietara joko» dutela aurreratu du semeak. Borroka honek bi helburu dituela nabarmendu dute semeak eta Leonen lankide ohiak. Izan ere, senideak ama gaixo du, eta laguntza ekonomikoa behar duela adierazi du. «Ama hobeto bizi dadin» ari da borrokan. Lankide ohiak gaineratu du gizartearentzat ere garrantzitsua dela borroka, herritarrek amiantoaren auziaren inguruko «kontzientzia» har dezaten. «Jendeak ez daki hainbat materialak mineral horrekin egin dituztela, eta amiantoarekin kontaktuan egon daitezkeela», ohartarazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide