‘Errimak oinetan’ ikuskizuna izango da ikusgai igandean, Sanagustinen

Aritz Mutiozabal 2012ko ekainaren 27a

http://youtu.be/C2_Yv7bIxDs «Bertsolariek sentipen eta emozioak harilkatzen dituzte entzuleengan. Baina entzule horiek dantzariak balira? Nola adieraziko lukete belarrietatik jasotako zi­rrara errimatua oin puntetan menderatzen duten dantzaren bidez?». Galdera hori erantzuten ari da, oholtzaz oholtza, Errimak oinetan. Dantza berriak, bertsoei jarriak ikuskizuna, eta datorren igandean, 18:30etik aurrera,Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean izango da ikusgai; sarrerak 6 eurotan daude. Unai Elizasu bertso-jartzaileak eta Haatik dantza konpainiak elkarlanean sortutako ekoizpena da, eta bertsoak eta euskal dantza garaikideak uztartzea du helburu. Taula gainera, ordea, dantzariak bakarrik igoko dira; saioan entzugai izango diren bertsoak eta doinu guztiak aurrez grabatuak izango dira. Nolabait esateko, bertso-jaialdi baten egitura izango du ikuskizunak: bertsoen arabera, dantzariak banaka, binaka edo hirunaka ariko dira, eta gainerakoak, bien bitartean, aulkietan egongo dira eserita atzekaldean, bertsolariak egon ohi diren moduan. Haatik taldea honako dantzari hauek osatuko dute: Aiert Beobide, Maitane Mujika, Onintza Odriozola, Garazi Lekuona, Gotzon Poza eta Iurre Aranburu, hain zuzen ere. Seikoteak Sustrai Colina bertsolariak idatzitako bertsoen errimapean egingo dute dantzan, baita Mikel urdangarin, Katamalo, Aitor eta Jon Sarasua, Gu Ta Gutarrak, Maddalen Arzallus eta Miren Amurizaren kantuen erritmopean ere. Bertsoak musikatzeko ardura Bixente Martinezek gidatzen duen Igelaren Bandarena izan da, eta saioan zehar entzungo diren ahotsak Olatz Prat, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Saroi Jauregik grabatu dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide