Lopezek eta Osa Goikoetxeak irabazi dituzte Miamiko denboraldiko titulu guztiak

Urola Kostako Hitza 2012ko ekainaren 27a

Imanol Lopez eta Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarrak izan dira nagusi Miamiko udako denboraldian. Lopez-ek Most Wins titulua irabazi du, hau da, bera izan da denboraldi honetan kiniela gehien irabazi dituen pilotaria, hain zuzen ere, 159 garaipen lortu baitutu. Sailkapen honetan bigarren lekuan geratu da Osa Goikoetxea 146 kiniela irabazita eta hirugarren lekua Erkiagarentzat izan da, urtea hasi zenetik 120 kiniela irabazi ondoren.

Binakako txapelketan, Osa Goikoetxeak aurrelari onenaren titulua irabazi du eta López-ek atzelari onenarena. Erkiaga bizkaitarrarekin lehia bizia izan du Osa Goikoetxeak  denboraldian zehar baina azkenean hiru kinielako aldea aterata, berarentzat izan da titulua. 35 kiniela irabazi ditu zumaiarrak binakako txapelketan, Erkiagak 32 eta Lejardik 18. Atzelarien artean berriz, Lopezen nagusitasuna erabatekoa izan da. Ez du aurkaririk izan zumaiarrak Miamin eta 39 kinielarekin atzelari onenaren tituluaren jabe egin da. Bigarren lekuan geratu da Irastorza lapurtarra eta hirugarren berriz, Durangoko Fundazuri. Buruz buruko txapelketari dagokionez (Estatu Batuetan “Singles” deiturikoa), Osa Goikoetxea nagusitu da beste guztien gainetik. Espezialitate honetan sekula egon den pilotari onena dela diote adituek. Argi dago gaur egun behintzat ez duela aurkaririk bederatzi aldiz Munduko Txapeldun denak. Buruz buruko txapelketan 37 kiniela irabazi ditu aurrelari zumaiarrak aurtengo denboraldian. Imanol Lopez bigarren sailkatu da 30 garaipenekin eta Irastorza izan da hirugarrena 22rekin.

Enbil, Osa Goikoetxea eta Lopez Mexiko D.F.-n Miamiko denboraldia bukatu bezain laister Mexikora abiatu dira Osa Goikoetxea eta Lopez bertako Jai Alai Irekia jokatzera. Beraiekin batera joan da Gotzon Enbil ere, Estatu Batuetako Dania pilotalekuan jokatzen duen atzelari zumaiarra. Asteartean hasi eta ekainaren 30a arte jokatuko da Mexikoko Jai Alai Irekia herrialde honetako hiriburuan. Munduko pilotaririk onenak batu dituzte antolatzaileek eta sei bikote osatu. Irabazleek inoz zesta-puntaren historian izan den dirusari handiena jasoko dute. Osa Goikoetxeak Alliez I.rekin osatuko du bikotea, Lopezek Christophe-ekin eta Enbilek berriz, García izango du lagun.

Txapelketa honekin zesta-punta bere plazarik garrantzitsuenetako batera itzultzen da. Izan ere, Mexikon 70 urte baino gehiagotan jokatu da zesta-puntan modu profesionalean baina azken urteetan goi mailako txapelketarik ez da egon. Salbuespen bakarra 2010ean Acapulco-ko pilotaleku dotorean jokatu zen torneoa da. Bertan izan zen Imanol Lopez, besteak beste. Hala ere, zaletasuna handiagoa da Mexikoko hiriburuan. Bertako zaleak zesta-puntan adituak dira eta pilotariak gogotsu animatzen dituzte. Imanol Lopezek behin baino gehigotan eman du aditzera bere ametsetako bat Mexikon garaipen garrantzitsuak lortu eta herrialde horretan arrakasta lortzea dela. Ikusmin ikaragarria sortu du zesta-puntako txapelketa honek Mexiko Hirian, urte luzeetan goi mailako txapelketarik ez baitute ikusi. Pilotalekuko harmailak handitu egin behar izan dituzte antolatzaileek jendea sartu dadin eta kaleak berriz, zestalarien irudiekin jantzita daude. Telebista, irrati eta egunkarietan ere oihartzun handia ari da izaten txapelketa hau.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide