Corrugados Azpeitiako langileak gaur Eusko Jaurlaritzaren aurrean bildu dira

Nerea Uranga 2012ko ekainaren 26a

Corrugados Azpeitiako 200 langile inguru Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, bildu dira gaur goizean, euren eskaeren berri eman eta urtearen hasieran Lana Erregulatzeko Txostena onartzeko orduan Eusko Jaurlaritzak Gallardo Taldeari emandako 5 milioi eurotako diru laguntzarekin zer gertatu den ez dakitela salatu dute Enpresa Batzordeko LAB eta ELAko ordezkariek (LAB eta ELAk dute Enpresa Batzordeko gehiengoa). "Jaurlaritzak diru laguntza enpresaren bideragarritasun planean oinarrituta eman zuen. Orduan, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Idoia Mendiak esan zuenez, diru laguntza horren bitartez enpresaren etorkizuna bermatuta zegoen, 2016 urtera arte langilerik kaleratu beharrik gabe. Beraz, Enpresa Batzordetik galdetzen duguna da, zein baldintzen arabera eman zuten diru laguntza hori? Eta zertan gastatu da dirua?", galdetu dute Corrugados Azpeitiako langileen ordezkariek. Corrugados Azpeitiako langileak greba mugagabean daude ekainaren 15etik. Enpresaren zuzendaritzak soldatak %35 jaistea eta lanaldia 49 ordu gehiagokoa izateaz gainera, 60 langile kaleratzea proposatu ondoren ekin zioten mobilizazioei. Atzo, Enpresa Batzordeak bilera egin zuen zuzendaritzarekin, eta langileen ordezkariek azaldu dutenez, zuzendaritzak ez die beste proposamenik edo eskaintzarik egin: "Berri bakarra da, asteazkenetik aurrera itxiera patronala egingo dutela". Langileen Enpresa Batzordearen arabera, zuzendaritzak ez dauka konponbide batetara iristeko inolako asmorik, "atzo egin genuen bilera haiek aurpegia zuritzeko besterik ez da izan". Bileran, enpresako ordezkarien ordez, Juan Ramon Apezetxea Adegiko ordezkaria izan zela salatu dute langileek, "garbi azaldu nahi dugu, horrelako jarrerek eta mehatxuek ez dutela langileok beldurtzerik lortuko". Langileen ordezkariek berriro salatu dute, enpresa aurrera ateratzeko bideragarritasun planik ez dagoela, "zuzendaritzak ez du benetako bideragarritasun planik eta enpresa irekita mantentzeko beste interes batzuk daude jokoan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide