Ustez Inaxio Uriaren hilketan parte hartu zuten bi pertsona atxilotu dituzte Okzitanian

Urola Kostako Hitza 2012ko ekainaren 26a

Asti taldeko kide izatea egotzi diete bi atxilotuei. Talde horri leporatzen diote Inaxio Uria enpresari azpeitiarraren hilketa eta baita Isaias Carrasco Arrasateko  zinegotzi sozialistaren hilketa ere. Frantziako Poliziak  gaur goizaldean atxilotu ditu ustezko bi etakideak, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Horren arabera, Ugaitz Errazkin hernaniarra  eta Jose Javier Oses burlatarra dira atxilotuak. Toulousetik gertu atxilotu dituzte, Albin (Okzitania), Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin burutu duten operazioan. Operazioak irekita jarraitzen du eta Errazkin eta Osesen etxebizitzetan miaketak egiten ari dira, atxilotuak bertan dituztelarik. Inazio Uria 2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk, Azpeitiko Loiola auzoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide