Zumaiako Udal Gobernuaren urtebeteko balantzea

Ane Olaizola 2012ko ekainaren 26a

Zumaiako Udal Gobernuak «agintaldiko oinarriak» finkatu ditu lehen urtean, Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak adierazi duenez. Udal gobernuak urtebeteko balorazioa egin du, eta gobernu «sendoa» osatuta, «helburuetara iristeko lanean» ari direla nabarmendu du. Aurreko legealdiko «jarraipena» dela gaineratu du Agirrezabalagak. «Aurreko agintaldian hasitako gobernatzeko eredu berri honi bidea eman nahi diogu». Horretarako, udala «herritartu» nahi du udal gobernuak, zumaiarrek udala «bere sentitu eta erabakiguneetan egon daitezen». «Ezkerreko politikekin eraiki nahi dugu Zumaia, eta uste dugu herritarrek arazoen irtenbidean zeresan garrantzitsua izan behar duela». Bide horretan hainbat ekimen egin dutela gogoratu du alkateak. Hala nola, parte hartze prozesuak abiatu dituzte aurrekontuak eratzerako garaian, edo San Joseko Plan Berezia egiterako orduan. San Joseko proiektua, ordea, «pixkanaka» egingo dutela adierazi du, egoera ekonomikoaren ondorioz. Izan ere, urtebeteko jarduerak egungo egoera ekonomikora «egokitu» dituzte. «Udalaren egoera ez da ona», adierazi du alkateak. Baina «oreka ekonomikoa» lortzeko, eta Zumaia Lantzenen likidezia arazoari irtenbidea emateko «lanean» ari direla jakinarazi dute. Aurrekontuak onartzea «ezinbestekoa» izan dela onartu du udal gobernuak, azken bi urteotan luzapen bidez funtzionatu baitute; halaber, lan publikoa sustatzeko asmoa dute, eta horretarako «urratsak» ematen ari direla adierazi dute. Hain zuzen, aurrekontuek Kirol Patronatua eratzea ahalbidetu dutela nabarmendu du alkateak. Estatutuak aurreko agintaldian onartu bazituzten ere, uztailaren 1etik aurrera kudeatzailea izango duela jakinarazi du. Hori hala, irailetik aurrera hasiko da patronatua kudeatzen. Behin hori martxan jarrita, kirol mahaia sortuko dutela adierazi du alkateak. Bertan, kirol ereduen eta azpiegituren inguruan hausnartuko dute eragileek. Ingurumenaren arloan, alkateak berretsi du «Zero Zabor politika bultzatzeko konpromisoa» hartu duela udal gobernuak, eta filosofia hori herritarren artean zabaldu nahi du. Zentzu horretan, santelmoetan edalontzi berrerabilgarriak erabili zituztela gogoratu du. Bestetik, hondakinen kudeaketari irtenbidea emateko, eta «%80 birziklatzera iristeko sistema egokiena» jartzeko bidea «herritarrekin» egingo dutela aurreratu dute. Horrez gain, Urolako itsasadarreko eta herriko erreketako egoerak aztertzen ari da Zumaiako Udala. Gizarte zerbitzuetan lanean Tratu txarrak jaso dituzten pertsonak artatzeko protokoloa osatzen ari da udal gobernua, Gizarte Zerbitzuen Sailarekin, Udaltzaingoakin eta Ertzaintzarekin batera. Alkateak aurreratu du «laster» amaituko dutela proiektua. Berdintasun Sailak, berriz, hezkidetza programa jarri du martxan aurten, eta egitasmoak izan duen harrera ikusita, proiektua ikastetxeetara, ludotekara eta gaztegunera zabalduko dute. Euskararen arloan, udalak euskal komunikabideekin duen «konpromisoa» berretsi dute aurten, euskararen normalizaziorako irizpideak ezarri dituzte. Euskara hutsezko komunikabideak «sendo lagunduko» dituzte. Kultur ekitaldietarako hainbat inbertsio egin du udalak. Hala nola, Aita Mari zinema aretoan proiektagailu digitala erosi dute. Beraz, egun «aukera asko» dagoela adierazi du alkateak, aretoan 35 milimetroko proiektagailua ere bai baitago. Kultur azpiegiturak ere sortu dituzte; besteak beste, Dardara Musika Kolektiboak Uxategiko eraikina kudeatzen dute egun. Kultur mahaia ere berreskuratu dutela esan du alkateak. «Berriro bide horri ekin nahi dio gobernu taldeak. Herritarrekin batera herriko kultura aztertu, hausnartu eta hobetu nahi du». Oikian egitekoak diren ikastetxe berria eraikitzeko arauak aldatu ditu udalak, Agirrezabalagak jakinarazi duenez, egun, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proiektua «behin betikoz» onartu zain dago udala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide