Udal Gobernuaren «kudeaketa txarra» salatu du Zumaiako EAJk

Urola Kostako Hitza 2012ko ekainaren 26a

Zumaiako EAJren ustez «herriak ez du aurrera egin» azken urtean, eta udal gobernuaren jarrera salatu du. «Iaz esan zuten ez zirela gehiengo osoz baliatuko gobernuatzeko, gobernua eta oposizioa ez zirela bi bloke izango, eta akordioetara heltzen saiatuko zirela. Denborak erakutsi digu ez dela hala izan». «Gai asko» alkate dekretuz onartu direla salatu dute; hain zuzen, urtea hasi zenetik 360 alkate dekretu onartu dituzte jakinarazi dute. Udalaren egoera, berriz, «oso txarra» dela deritzote, eta horren arrazoi «kudeaketa txarra» izan dela adierazi dute. Zentzu horretan, Zumaia Lantzeni irtenbidea emateko eskatu diote udal gobernuari. «Maileguak eskatzen jarraitzen du. Odietako etxea ez dira apenas saltzen, eta garbi dago merkaturik ez dagoela gaur egun. Baina, hala ere, soluzioak aurkitu beharko lirateke». San Juan egoitza eta Eguneko Zentroa Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku geratzekotan zirela gogoratu dute jeltzaleek, eta horiek bideratzeko «indarra egiteko» eskatu diote alkateari. Pilotalekuari dagokionez, azken urtean ez dutela «aurrerapausorik» eman salatu du EAJk. Hondakinen kudeaketaren inguruan, atez ateko sistema jartzeak zenbateko kostua izango duen argitzeko eskatu diote gobernu taldeari. Eta sistema horren aurka agertu diren herritarrei «erantzuteko» eta «hausnartzeko» eskatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide