Lizarraren bueltako jaia, Urrestillan

Nerea Uranga 2012ko ekainaren 26a

Lizarra plazan altxatu baino egun bat lehenago hasi dituzte aurten Urrestillan (Azpeitia) sanjoanak. Ostiralean, Urrestillako Festa Batzordeak antolatuta, Sorgin Gaua egin zuten, eta gazte afariaren ostean jende ugari elkartu zen auzoan. Larunbatean, berriz, Matxinbentatik moztuta lizarra eraman zuten herrira. Ofizialki jaiei hasiera eman, eta 200 lagun inguru bildu zen herri afarian. Afalostean, gazteek lizar arbola altxatu, eta plazan zutik jarri zuten. San Joan bezpera izanik, sua ere egin zuten. Larunbatean ere jendea erruz ibili zen; dantzan, saltoka edota zintzurra mela-mela eginda, baina jaietarako gogo ederra erakutsi zuen jendeak Urrestilgo kaleetan. Jai egun handia herenegun izan zen. San Joan egunez meza eta prozesioa egin zuten, eta loreak eta lizar adarrak ere bedeinkatu zituzten urrestildarrek. Arratsaldean, berriz, Sahatsa dantza taldearen emanaldi ikusgarria izan zuten. Gaur ere festa izango da Urrestillan. Arratsaldean haurrentzako hainbat ekitaldi izango da, eta gauean, berriz, arbolaren entierroarekin, bukatuko dituzte aurtengo sanjoanak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide