Presoen eskubideen alde egiteagatik Madrilen epaituko dute herritar bat

Nerea Uranga 2012ko ekainaren 26a

Iazko saninazioetan presoen eskubideen aldeko pankarta bat jartzeagatik Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dute gaur Aritz Arzallus azpeitiarra. «Terrorismoa gorestea» leporatzen diote, eta urte eta erdiko kartzela zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa eskatzen dute harentzat. Iazko urrian Arzallusek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuen, eta gaur izango da epaiketa. «Hori guztia, Ertzaintzak San Inazio festen inguruan egindako txosten baten ondorioz gertatu da», salatu du Azpeitiko ezker abertzaleak. Epaiketa hau «gogor» salatzearekin batera, Arzallusi «elkartasun beroa» azaldu dio ezker abertzaleak. «Gure iritziz, ez da batere ulergarria Euskal Herrian eszenatoki berri bat eraikitzen ari garenean, herritarrek horrelako erasoak jasatea. Hauek zaharkitutako ilegalizazio politikaren ondorio dira», adierazi dute. Euskal Herriko egungo «itxaropen aroan» era honetako gertakariak «lekuz kanpo» daudela ere esan dute. «Traba guztien gainetik, euskal presoen eskubideak bermatuak izango diren ekimenetan parte hartzen eta horiek bultzatzen jarraitu behar dugu, denak etxean izan arte», gaineratu dute. Epaiketaren «bidegabekeria» salatzeko, eta Arzallusi elkartasuna adierazteko antolatutako ekimenetan parte hartzera ere deitu ditu herritarrak Azpeitiko ezker abertzaleak. Herri presioa eta elkarlana Bide beretik, Gernikako Akordioa sinatuta duten Azpeitiko eragileek ere, Arzallusen kontrako epaiketaren aurrean «kezka eta haserrea» agertu dute. «Kezka, beste behin, euskal herritar bat eskubide zibil eta politikoen aldeko lana egiteagatik epaituko dutelako. Berriz ere, iraganeko errezeta zaharrekin datoz garai berrietara. Errepresioaren gurpil eroan tematuta jarraitzen du Espainiako Estatuak oraindik, etekin politikoa lortzeko», adierazi dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek. Ez daudela horrelako kasuak onartzeko prest diote eragileek, eta «jazarpen dinamika amaitzeko» denen arteko elkarlana ezinbestekoa dela. «Halako injustizien aurrean, ezin gara besoak gurutzaturik gelditu. Jazarpen dinamika hau amaitzea denon esku dago. Herri presioak eta eragile sozial, politiko eta sindikalen arteko elkarlanak Euskal Herria bake eta normalizazio politikora darama, ilegalizazio politikaren fasea gainditze bidean jarriz». 19:00etan, elkarretaratzea Gaurko, Gernikako Akordioa sinatu duten Azpeitiko eragileek elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak, 19:00etan, herriko plazan. Konponbide garaia da. Jazarpen gehiagorik ez lelo hartuta egingo dute gaurko bilkura. Azpeitiko gaztetxeak eta Azpeitian udaberrian egin zen kantu lehiaketan parte hartu zuten herriko hamar musika taldek ere gaurko elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte azpeitiarrak. Gaztetxekoek Aritz Arzallusi elkartasuna adierazi diote, eta horrelakoak ezin direla «inondik inora onartu» esan dute. Hamar musika taldeetako kideek Arzallusi babesa eta elkartasuna adieraztearekin batera, haren kontra egingo duten epaiketa salatu dute. «Presoen eskubideen aldeko aldarria epaitzea ez dugulako inola ere onartzen», esan dute musikariek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide