«Hunkigarria» izango zela aurreratu zuten antolatzaileek, eta halaxe izan zen. Ostiralean Manuel Lasarte bertsolaria omendu zuen ehunka lagunek, eta Orioko Karela kiroldegia txiki geratu zen. Lasarte «hitzaren errementaria» izanik, hark egindako lanabesez apaindu zuten taula, eta bizitzan zehar egin zituen bertsoak edota bat-batean asmatutakoak taularatu zituzten berrogeita hamar lagun inguruk. Bertsoez gain, hitza eta musika izan ziren jaialdiaren ardatzak, eta Iñaki Perurena herrikideak (leitzarra zen jaiotzez Lasarte) eta bertsolariaren ikasle Ibai Esoainek eta Xabier Sukiak hainbat pasarte kontatu zuten. Saio amaieran, Eusebio Lasartek, Manuelen semeak, zenbait bertso abestu zion aitari, eta Patxi Oliden Danbolin-ek ere hunkituta kantatu zion lagun mina izandakoari.