Ariola aurrera begira
Ariola kultur ekimenean gabiltzanok itxaropentsu gaude, udala ere herriko kultura-azpiegituraz kezkatuta dagoela ikusita. Hain zuzen, duela gutxi bukatu da kultura-azpiegiturak aztertzeko antolatu duen prozesua. Prozesu parte-hartzailea izan denez, Ariolako zenbait kidek parte hartu dugu, gainerako herritar eta eragileekin batera. Gure ustez, oso positiboa da bai udalak gaiari heldu izana, bai parte hartze prozesu baten bidez planteatu izana. Gainera, laster martxan jarriko diren egitasmo batzuen berri ere izan genuen, eta lanean jarraitzeko asmoa ere adierazi zuen udalak, jarraipen betzorde baten bitartez.
Gure aldetik, jakinarazi nahi dugu prest gaudela udalarekin eta beste eragile zein herritarrekin batera jarduteko, Zarautzek kultura-azpiegituran dituen hutsuneak betetzeko. Azpiegitura hauek hobetzeaz gain, ordea, kultura-eredua, azpiegitura horien kudeaketa, eta sortzaile, eragile eta erabiltzaileen arteko saretzea ere lehentasunezko gaiak dira guretzat. Horregatik, Ariola proiektua lantzen jarraituko dugu, lehendik definituta ditugun printzipioei eta funtzionamenduari eutsiz.
Bide batez, Ariolarekin bat egiten duen guztiok gure bileretan eta ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. ariola.org atarian duzue informazio gehiago, eta edozein zalantza, ekarpen,… edukiz gero, idatzi ariola@info.org helbidera, eta erantzungo dizugu.
Aritzea amets dugulako.
Ana Galarraga. Ariola kultur ekimena