Zarauzko Udalak, Zurekin ostalarien elkartearekin elkarlanean, Euskara ere menuan! kanpaina abiarazi du. Udari begira, ahalik eta herriko taberna, kafetegi eta jatetxe gehienetan kartak eta menuak euskaraz jartzea da ekimen horren helburua. Jakinarazi dutenez, oraingoz 30 bat establezimenduk egin dute bat kanpainarekin. Interesa dutenek horretarako aukera badute oraindik. Horiek menua, karta , ogitartekoen edo-eta plater konbinatuen zerrendak euskaraz eskaini beharko dituzte. Zalantzak argitze aldera, ostalariek Ostalaritza Hiztegia kontsultatu ahalko dute www.zarautz.org webgunean.
Horrekin batera, Euskara Zerbitzuak itzulpen eta zuzenketa lanetan ere lagunduko die interesa dutenei.
Bezeroentzat sariak
Establezimendu horietan euskaraz eskatzen dutenek ere izango dute saria. Horretarako, zozketa txartelak prestatu dituzte bezeroei emateko. Zozketa txarteletan, datuez gain, euskaraz eskatu duten platera idatzi beharko dute bezeroek, eta establezimenduko arduradunei eman. Hiru zozketa izango dira guztira: uztailean, abuztuan eta irailean.
Zozketaldi bakoitzean 80 euroko balioa duen bi lagunentzako bi bazkari edo afari eskainiko dira, eta baita bi lagunentzako bi egonaldi Nekatur sareko nekazalturismoetan.
