Egitaraua: brusak janzteko garaia iritsi da

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko ekainaren 22a

Heldu da koloretako brusak jantzi, Pelaio, pelaio ahapetik kantatu, danbor hotsak entzun, eta nola ez, parrandarako garaia. Udarekin batera iritsi dira sanpelaioak, eta horrekin, jai giroaz gozatzeko egunak. Astelehenean emango zaie ofizialki hasiera ospakizunei. Bihar giroa berotzen hasiko dira herritarrak, ordea. Gurekin Jai festa batzordeak antolatuta, herriko taldeen kontzertuak izango dira txosnagunean; Dirtaa, Hilkar eta MKT taularatuko dira, hain zuzen. Giroa bero-bero jarrita, musika dantzagarriaren doinura amaituko dute gaua. Etzi atseden hartu ostean, San Pelaio bezpera ospatuko dute astelehenean. Ohi bezala, danborra eta danbor-jotzaileak izango dira protagonistak. Arratsaldean egingo dute agerraldia haurrek; gauerdirako minutu gutxi falta direnean abiatuko dira Gaztelekutik, berriz, helduak. Bederatzi elkarte gastronomikok—Arkaitz Mendi, Kayua, Carballeira, Arrano, Cachi Bachi, Udaberri, Francisco Zurbaran, Urpekoak eta Ongi Etorri— astinduko dituzte danborrak aurten. Bi zuzendariren agindutara joko dituzte ohiko doinuak, Cachi Bachiko Rakel Azkueren eta Arkaitz Mendiko Elias Azpirozen aginduetara. Azken horri emango diote aurten San Pelaio Makila, gainera. Santi Negueruela (Francisco Zurbaran) eta Carlos Etxabek (Carballeira) zuzenduko dituzte, berriz, barrikak. Txupinazoa eta ereserkia Aurrez, txosnetatik abiatuta, txaranga herrikoiak girotuko ditu kaleak. Untxi pakean pelaiozenaioak! ikuskizun ibiltaria izango da Lege Zaharren enparantzaraino, eta bertan elkartuko dira danborradako parte-hartzaileekin. 00:00ak puntuan igoko dute udal ordezkariek Zarauzko bandera, festen hasiera iragartzeko. Atzetik etorriko [...]

Sanpelaiotan festak

Heldu da koloretako brusak jantzi, Pelaio, pelaio ahapetik kantatu, danbor hotsak entzun, eta nola ez, parrandarako garaia. Udarekin batera iritsi dira sanpelaioak, eta horrekin, jai giroaz gozatzeko egunak. Astelehenean emango zaie ofizialki hasiera ospakizunei. Bihar giroa berotzen hasiko dira herritarrak, ordea. Gurekin Jai festa batzordeak antolatuta, herriko taldeen kontzertuak izango dira txosnagunean; Dirtaa, Hilkar eta MKT taularatuko dira, hain zuzen. Giroa bero-bero jarrita, musika dantzagarriaren doinura amaituko dute gaua.

Etzi atseden hartu ostean, San Pelaio bezpera ospatuko dute astelehenean. Ohi bezala, danborra eta danbor-jotzaileak izango dira protagonistak. Arratsaldean egingo dute agerraldia haurrek; gauerdirako minutu gutxi falta direnean abiatuko dira Gaztelekutik, berriz, helduak. Bederatzi elkarte gastronomikok—Arkaitz Mendi, Kayua, Carballeira, Arrano, Cachi Bachi, Udaberri, Francisco Zurbaran, Urpekoak eta Ongi Etorri— astinduko
dituzte danborrak aurten. Bi zuzendariren agindutara joko dituzte ohiko doinuak, Cachi Bachiko Rakel Azkueren eta Arkaitz Mendiko Elias Azpirozen aginduetara. Azken horri emango diote aurten San Pelaio Makila, gainera.

Santi Negueruela (Francisco Zurbaran) eta Carlos Etxabek (Carballeira) zuzenduko dituzte, berriz, barrikak.

Txupinazoa eta ereserkia
Aurrez, txosnetatik abiatuta, txaranga herrikoiak girotuko ditu kaleak. Untxi pakean pelaiozenaioak! ikuskizun ibiltaria izango da Lege Zaharren enparantzaraino, eta bertan elkartuko dira danborradako parte-hartzaileekin.

00:00ak puntuan igoko dute udal ordezkariek Zarauzko bandera, festen hasiera iragartzeko. Atzetik etorriko da txupinazoa eta ohiko traka, San Pelaio ereserkiarekin batera. Ondoren, Helduen Danborradako kide guztiek elkarrekin joko dute hainbat kantu, Lege Zaharren enparantzan lehenbizi, eta Musika Plazan, gerora.

Musikak astearte goizaldera arte iraungo du; izan ere, txupinazoaren ostean, Egan taldea igoko da Musika Plazako kioskora. Mexiko, Behin batian Loiolan eta Ireki bihotza kantu mitikoak zein gaur egungoak joko dituzte, herritarrak dantzan jarriz.

Era berean, Eraso! eta eMePebo5t taldeek girotuko dute txosna gunea. Gurekin Jaik etxean dituzten edalontzi erabilgarriak eramateko eskatu die herritarrei.

Testing-a eta alkoholimetroak
Urtero legez, Zarauzko Udaleko Droga-mendekotasun prebentzio zerbitzuak Testing izeneko drogari buruzko informazio eta analisi zerbitzua eskainiko du sanpelaiotan ere. Aisialdi guneetan droga kontsumoaren gaineko arriskuak gutxitzea da ekimen horren helburua, eta, batik bat, droga ilegalen kontsumitzaileei zuzenduta dago. Jakinarazi dutenez, gazteen artean harrera eta erantzun ona izan du orain arte.
Aurten, ekainaren 25ean, astelehenean jarriko dute Testing postua Munoa plazan. Interesa dutenek 00:00etatik 03:00etara izango dute zabalik karpa. Bertan, doako analisien bitartez, drogen konposizio zehatza jakin ahalko da. Bestelako informazioa ere eskuratu ahalko dute postura gerturatzen direnek; besteak beste, droga bakoitzak organismoan duen eragina ezagutzeko aukera izango da.

Prebentziorako eta drogen kontsumoak eragindako arriskuak gutxitzeko tresna baliagarria dela jakinarazi dute. «Egun klandestinitatea eta osasun kontrolik ez direla eta, droga merkatuan dagoen adulterazioa geroz eta nabarmenagoa baita». Hori dela eta, gazteei horren inguruko informazio praktikoa eskainiko diete Ai-Laket elkarteko kideek.  Anonimotasuna bermatuta egongo da.

Bestalde, ekainaren 26ean, San Pelaio Egunean, alkoholaren gehiegizko kontsumoari buruz sentsibilizatu, informatu eta arreta hartzeko kanpaina egingo du Sasoia elkarteak. Ildo horretatik, mahai informatiboa jarriko du Munoan, 00:00etatik 03:00etara.
Eusko Jaurlaritzako Droga Gaietako Zuzendaritzaren babesa dute bi ekimenok.

Egitaraua:

Ekainak 23, bihar
18:00. Txosnetan kontzertuak Dirtaa, Hilkar eta MKT taldeen eskutik. Gurekin Jai festa batzordeak antolatuta.
00:00. Txosnetan musika dantzagarria, Gurekin Jaik antolatuta.

Ekainak 25, astelehena.
San pelaio bezpera
11:30. San Pelaio ermitan Udaberri abesbatzaren kontzertua, Iñurritza elkarteak antolatuta.
12:00. Suziriak eta txupinazoa, jaiei hasiera emateko. Udaletxeko balkoian Juan Luis Illarramendi alkateak Haurren Agerraldiko Danbor Nagusiari makila emango dio. Zarauzko Udalak eta Turismo bulegoak antolatuta.
Ondoren. Kalejira trikitilari, buruhandi eta erraldoiekin.
18:30. Haurren XXXIV. Agerraldia, Haur Kultur Taldeak antolatuta. Azken Portutik irtenda, Iñurritza, Vista Alegre eta Itxasmendi auzoetatik igaroko dira, Zarauzko Musika Bandak eta Mauxitxa, Gauerdi eta Pasai txarangek lagunduta. Zarauzko Udalak eta Turismo bulegoak antolatuta.
20:00. Lege Zaharren Enparantzan talde guztiak bilduko dira eta elkarrekin joko dute.  Zarauzko Udalak eta Turismo Bulegoak antolatuta.
Aldi berean. Txosnen irekiera eta tortilla erraldoia Eutxourrei taldearen eskutik.
23:00. Txosnetatik abiatuta, Untxi pakean pelaiozenaioak! ikuskizun ibiltaria Lege Zaharren Enparantzara. Gurekin Jaik antolatuta.
23:30. Helduen danborrada. Arkaitz Mendi, Kayua, Carballeira, Arrano, Cachi Bachi, Udaberri, Francisco Zurbaran, Urpekoak eta Ongi Etorri elkarteek antolatuta. Danborradako zuzendariak Elias Azpiroz (Arkaitz Mendi) eta Rakel Azkue (Cachi Bachi) izango dira. Barrikenak, berriz, Santi Negueruela (Francisco Zurbaran) eta Carlos Etxarte (Carballeira). Gaztelekutik irtengo da danborrada, eta Geltoki parketik eta Foruen kaletik barrena, Lege Zaharren Enparantzaraino iritsiko dira.  Zarauzko Udalak eta Turismo bulegoak antolatuta.
23:45. Lege Zaharren Enparantzan, danborradako ordezkariek San Pelaio Makila emango diote Elias Azpirozi.  Zarauzko Udalak eta Turismo bulegoak antolatuta.
00:00. Lege Zaharren Enparantzan, Zarauzko bandera igoko dute herriko agintariek. Txupinazoa eta traka San Pelaioren ereserkiarekin batera.  Zarauzko Udalak eta Turismo Bulegoak antolatuta.
Aldi berean. Bandera igotzea eta txupinazoa Iñurritzan, sorpresa bat baino gehiagorekin. Iñurritza Jai Batzordeak antolatuta.
Ondoren. Helduen Danborradako konpainia guztiek batera joko dituzte doinuak. Zarauzko Udalak eta Turismo Bulegoak antolatuta.
00:15. Dantzaldia Egan taldearekin, Musika Plazan. Zarauzko Udalak eta Turismo Bulegoak antolatuta.
Aldi berean. Helduen Danborrada herriko kaleetan zehar ibiliko da. Musika Plazan elkartuko dira konpainia guztiak elkarrekin jotzeko. Kale Nagusitik Gaztelekura abiatuko dira gero.
00:30. Txosnetan kontzertuak, Eraso! eta eMePebo5t taldeen eskutik. Gurekin Jaik antolatuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide