Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetako bat Arrupe Hotelean, Azpeitian, emango dute datorren astean. Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioarekin elkarlanean prestatutakoa izango da, eta trenaz ariko dira bertan.
Ferrocarril, sostenibilidad y ordenacion del territorio: panorama actual y perspectivas futuras en un contexto globalizaro du izena ikastaroak. Ekainaren 27, 28 eta 29an izango da, goizez.
Maitane Ostolaza Burnibidearen Euskal Museoaren Fundazioko zuzendaria aritu da saioak prestatzen, eta azaldu duenez, fundazioak berak proposatu zion EHUri ikastaroa ematea. «Ikastaroa Donostian egitea zen aukera bat, baina hasieratik esan genuen Azpeitian eskaini nahi genuela». «Programazio zabala» daukala azaldu du Ostolazak. «Burdinbidearen ondareari eustea eta sozializatzea» da fundazioaren helburu nagusietakoa. Baina «apustua urrunago eraman» nahi zutela esan du, ordea. «Ikerketari bultzada handia eman nahi diogu fundazioan. Hasteko, ikerketa historikoa egin nahi dugu, baina gaur egungo ikerketan zentratzea ere bada helburua», dio. «Trenak gaur egun jokatzen duen papera ez ezik, etorkizunera begira joka dezakeen papera ikertu nahi dugu», adierazi du Ostolazak. «Eragin ekonomikoa, eragin soziala (populazio mugimenduak), eta hirigintzan jokatzen duen eta jokatuko duen papera».
«Gai horiekiko interesa daukatenei begira» antolatu dute ikastaroa. «Ez da espezialistetan pentsatuta antolatutakoa», aitortu du. «Disziplina artekoa izan dadin nahi dugu».
Horretarako, bertako zein kanpoko adituak ekarriko dituzte. «Ingeniariak, arkitektoak, geografoak, erakundeetan erantzukizuna duten politikariak...» egongo direla azaldu du,
«trenak izan duen, daukan eta izan lezakeen eragina aztertzeko».
Beka eskatzeko garaiz
Matrikula 90 euro kostatzen da, eta 30 ordu akademiko ematen dituzte bertan parte hartzeagatik. Ostolazak nabarmendu du bekak emateko epea amaitu den arren, eurek, fundazio moduan oraindik ere eman ditzaketela. Beraz, oraindik ere izena eman nahi duenak, beka eskatzeko aukera izango du, Burdinbidearen Euskal Museoko Fundaziora joanda. Bekadunek erdia ordaindu beharko dute ikastaroa egiteagatik. Fundazioan eskatu behar da.
-------------------------------
Herri aldizkarien inguruko ikastaroa izango da Azkoitian uztailaren 18 eta 19an
DEuskal Herrian azken hamarkadetan euskarazko aldizkari asko sortu direla ikusita, EHUko Udako Ikastaro bat antolatu dute gai horrekin lotuta. Azkoitian izango da, Intsausti Jauregian, eta bi goizetako ikastaroa da, uztailaren 18an eta 19an egingo baita. Aurrenengo egunean, adibidez, Iban Arregik Hitza egunkariaz eta proiektuak izan duen eraginaz jardungo du. Arregiz gain, beste hainbat lagun ariko dira bateko eta besteko herri prentsaz. Adibidez, Azkoitiko herri aldizkariez mintzatuko da Juan Luis Zabala.