«Gustura» dago Xabier Etxeberria (Zarautz, 1974), Udazkeneko lorea labetik atera berritan. Zarauztarraren bakarkako bigarren lana da. Hainbat eleberri eta ipuin elkarlanean argitaratu ostean, elkarri «denbora bat» ematea erabaki zuten Etxeberriak eta bere anaia Martinek. Elkar argitaletxearekin ateratako harremanen inguruko eleberria da denbora horren fruitua.
Harremanei eta horien gorabeherei heldu diezu Udazkeneko lorea eleberrian.
Harremanei buruzko lana da, bai, gertuko pertsonen arteko erlazioetan oinarrituta. Hiru istorio agertzen dira liburuan: bikote harremanei buruz bata; bi ahizpen artekoa bestea, eta azkena, berriz, ama-alaben ingurukoa. Hiru ipuin solte bezala irakur daitezke, baita eleberrian planteatzen den hurrenkeran ere. Azken aukera horrek joko gehiago eman dezake; pertsonaia batzuk besteen istoriekin lotura dute, eta bestela ezkutuan geratzen diren kontuak kontatzen dira.
Hiru istorio independente kontatzen dira, baina, era berean, zerikusia dute. Nola lotzen dira istorioak?
Hiru protagonista daude, eta badute harremana, istorio independenteak diren arren. Lehenbizikoan Mikelen istorioa kontatzen da. Honek bikote harremana du Naroarekin, eta adarrak jartzen dizkio beste neska batekin. Naroaren istorioa kontatzen da bigarren pasartean; hark amarekin duen harremana, zehazki. Hirugarren zatian, berriz, Mikelen maitalea da protagonista, Lucia. Horrek ahizparekin duen erlazioa kontatzen dut bertan.
Egun denak ez dira berdin zure lehenbiziko bakarkako eleberrian ere gai bera tratatu zenuen. Zerikusirik ba al dute bi lanek?
Egia esan, ez dute zerikusi handiegirik. Bietan gezurrak agertzen dira, ordea. Egun denak ez dira berdin lanean pertsonaiek gezurrak esaten dituzte, eta, ondorioz, bizitza konplikatzen zaie. Udazkeneko lorea-n ere hori gertatzen da. Hiru pertsonaia nagusi daude, hiru istorio, gerora gurutzatu egingo direnak. Bakoitzak gezur edo sekretu bat gordetzen du. Hori da antzekotasun bakarra.
Oinarrian daude gezurrak; kontatu ezin diren gauzak, alegia. Saihestezina al da sekretuak izatea?
Bai, harremana edozein modutakoa izanda ere, guzti-guztia ez kontatzea saihestezina da. Are gehiago, nire ustez guzti-guztia kontatzea ez da sanoa. %100 purua den ura edatea onuragarria ez den bezala. Guztiok ditugu sekretuak, eta momentu batean edo bestean esaten ditugu gezurrak, txikiak badira ere. Harremanek funtziona dezaten, beharrezkoa da nork bere sekretuak izatea, ziur.
Istorio bakoitzak ere bere tonua du, gainera.
Istorio bakoitzak tonu propioa du, bai. Mikelena, esaterako, komikoagoa da, beste biekin alderatuta. Arinagoa da. Luciarena zein Naroarena, biak, dramatikoagoak dira, tristeagoak, ilunagoak.
Protagonistek 40 urte inguru dituzte, eta horrek zeresana du eleberrian, ezta?
Nire antzera, hiru pertsonaiak 40 urteak betetzeko mugan daude. Hori horrela, euren bizitzako zenbait kontu planteatzen hasten dira, hainbat alderdiren inguruan hausnartzen. Hori ez da esplizituki eleberrian agertzen, baina euren izaeran eta egiten dituzten gauzetan badu eragina.
Zer da Udazkeneko lorea?
Mikelek, autoan doala, botaniko bati entzuten dio pentsamendua dela udazkeneko lorea. Esaldi hori buruan geratzen zaio, eta horrek bere bizitzari buruz hausnartzeko aitzakia ematen dio. Esaldi hori da abiapuntua.
Pasarte hori erreala da. Zuri gertatu zitzaizun, ezta?
Bai, izan ere, Mikel nire alter ego-a dela esan dezakegu. Ez da zehazki niri gertatu zaidana, baina zenbait pintzelada du. Neurri handi batean nigan oinarrituta dago.
Bakarka atera duzun bigarren lana da Udazkeneko lorea. Martinekin haserretu zara, ala?
Anaiarekin hiru nobela argitaratu ditut, eta haur literaturan ere hamar bat lan kaleratu ditugu. Iaz bere kasara olerki liburu bat—Zakurraren poema eta beste hezur batzuk— atera nahi zuen, eta elkarri denbora ematea erabaki genuen. Nik ere aspalditik nuen hau buruan, eta bukatzeko aprobetxatu nuen denbora hori.
Ba al duzue aurrera begirako proiekturik esku artean?
Bai, beste eleberri bat lantzen ari gara. Orain arte egin ditugunekin alderatuz, bestelakoa izango da, gainera. Zenbait kapitulu idatzi dugu dagoeneko; egitasmo horretan murgilduta gaude orain.
