Literatura, musika, zinema, antzerkia, artisautza eta artea… Sormenari eskainitako gunea izango da Sortaldea. Zarauzko itsas pasealekuan, Dora Salazar artistaren Torsion compensada eskulturaren parean, itsas naturaren lokalean egongo da kultur eremua, bisitari guztien begibistan, eta askotariko diziplinak bilduko ditu. Uztailaren 2an zabalduko ditu ateak, eta udan askotariko ekimenak izango dira bertan. Neguan, berriz, sormenerako, erakusketetarako eta hitzaldi eta aurkezpenetarako gunea izango da.
Liburuak izango dira protagonista nagusiak udan Sortaldean. Hala, beach library edo biblioplaya kontzeptuari jarraituz, edonork liburuak maileguan hartu ahalko ditu, hondartzan irakurtzeko. Horretarako, datu pertsonalak besterik ez dira eman beharko, eta egunaren amaieran edota hurrengo egunean itzuli beharko da mailegatutako lana. Era berean, itsas pasealekuan irakurketa gunea sortuko dute, interesa dutenek liburua hartu eta atarian, eguzkitan, irakurtzeko.
Bestelako kultur ekimenek izango dute lekua Sortaldean, Inaugurazio egunean, uztailaren 2an, esaterako, Zarauzko balea zabalduko dute, balearen arrantzari eta Zarautzek itsasoarekin izan duen loturari buruzko erakusketa. Izan ere, Zarauzko balea izan zen Kantauri itsasoan ehizatu zuten azken balea, 1878an, Roke Etxabe zarauztarrak sartutako arpoiarekin. Haren bertsoak oinarri hartuta antolatuko dute aipatu erakusketa eta irailaren 16ra bitartean bisitatu ahalko da.
Horrez gain, hainbat ekitalditarako lekua atonduko da itsas pasealekuko kultur eremu berrian. Udako egitarau zabala prestatu dute, hala; hitzaldiak, film emanaldiak, antzezlanak eta kontzertuak izango dira uztailetik abuztura arte. Libre dagoen egunetan, berriz, plaza irekia izango da liburuak, diskoak edo bestelako kultur ekimenak aurkeztu nahi dituztenentzat.
Artisauen lanen erakuslehio
Nahia Zarauzko artisauen elkarteak ere gela bat izango du kultur gune horretan, euren lanak erakutsi eta saltzeko. Ordutegi finkoa izango du: egunero, 17:00etatik 20:00etara. Bestalde, udan, artisautzari lotutako tailerrak ere eskainiko dituzte herriko artisauek.
Zarauzko Udalak lehiaketa publiko bidez erabakiko du kultur eremua nork kudeatuko duen. Jakinarazi dutenez, horiek kulturari lotutako ekimenk egin ahalko dituzte udako lanaldia finantzatzeko. Besteak beste, liburuak saldu ahalko dituzte bertan.
Egitaraua
Uztailak 2, astelehena
17:30. Sortaldea Kultur Eremuaren inaugurazioa.
18:15. Zarautz eta balea erakusketaren inaugurazioa.
Uztailak 10, asteartea
18:00. El nacionalismo linguistico, Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalari eta idazlearen hitzaldia.
Uztailak 11, asteaZKENa
17:00. Irrien Lagunak Klubaren eta haurrentzako Irria aldizkariaren aurkezpena, Porrotx pailazoarekin.
Uztailak 13, ostirala
16:00. Bob Marley Eguna. Egunean zehar hainbat ekitaldi izango da: musika, artisau postuak, serigrafia, graffitilariak eta gastronomia.artelariak.org taldeko Haritz Irureta eta Iban Lopezek antolatuta.
Uztailak 18, asteazkena
22:00. Carbailleira elkartearekin elkarlanean, eta Galiziako Astearen baitan, Novo Cinema Galego zikloa. Doentes filma izango da ikusgai.
Uztailak 19, osteguna
18:00. Carbailleira elkartearekin elkarlanean, eta Galiziako Astearen baitan, Novo Cinema Galego zikloa. A tropa de Trapo no Pais Onde Sempre Brilla o Sol filma izango da ikusgai.
Uztailak 20, ostirala
22:00. Carbailleira elkartearekin elkarlanean, eta Galiziako Astearen baitan, Novo Cinema Galego zikloa. Vilamor filma izango da ikusgai.
Uztailak 26, osteguna
19:00. Sorlekutik ekimenaren baitan, Mikel Unzurrunzaga Makala disko jartzaile zarauztarrak azken lana aurkeztuko du: Unexpected tapas. Bidaidea: Aritz Mutiozabal kazetari eta musikaria.
Uztailak 29, igandea
20:00. Xentimorik gabe antzezlan musikatua, Asier Sotak zuzenduta eta Ramon Agirre eta Inazio Tolosarekin.
22:30. Igelaren Banda taldearen kontzertua.
Uztailak 30, astelehena
20:00. Musika afrikarra, Nakany Kante abeslariaren eskutik.
22:30. Musika brasildarra, Gafieira Miuda sanba taldearen eskutik.
Abuztuak 2, osteguna
18:30. Gotzon Elortza gogoan zikloaren baitan, Gotzon Elortza euskal zinemaren aitzindari eta euskarazko lehen dokumentalaren egilearen 50eko eta 60ko hamarkadetako euskal filmak izango dira ikusgai: Ereagatik Matxitxakora, Aberria eta Elburua Gernika.
