Gizon-proban markak hausten

Nerea Uranga 2012ko ekainaren 20a

Pasa den asteburuan eskualdeko bi gizon-proba taldek emaitza onak izan dituzte. Batetik, Oriok, Urretxurekin batera, Gipuzkoako Txapelketako finala jokatzeko txartela eskuratu du. Bestetik, Errezilgo San Antonio festetan Errezilgo taldeak Bidegoianekoari desafioa irabazi dio. Larunbatean hasi zen Gipuzkoako Txapelketa. Bost talde ari dira lehian: Orio, Urretxu, Zizurkil, Aitzondo eta Berrobi. Larunbatean lehen kanporaketa jokatu zuten Urretxun, eta finala jokatzeko sailkatu zen Orio. Gainera, kanporaketako talde onena izan zen oriotarra; 49 plaza egin zituen hogei minutuan, mila kiloko harriarekin. Bigarren, Urretxu gelditu zen, bi plaza gutxiagorekin, eta hirugarrena Zizurkil izan zen. 28 metro ditu Urretxuko plazak, eta oriotarrek iaz egindako marka hautsi dute aurten, plaza bat gehiago eginda. Bigarren kanporaketa Villabonan jokatuko dute Zizurkileko, Aitzondoko eta Berrobiko taldeek, San Inazio egunez, uztailaren 31n. Eta finala urrian jokatuko da Zizurkilen. Lehen aldiz gizon-proba araudia zehaztuta jokatuko da aurten. Talde guztiak federatu dira. Beraz, Gipuzkoako lehen txapelketa ofiziala izango da. Errezilgo desafioa Joan den larunbatean, gizon-probaren beste neurketa bat jokatu zen Errezilen, San Antonio festen baitan. Errezilgo eta Bidegoiango taldeen artean jokatu zen desafioa,, eta herriko taldea nagusitu zen norgehiagokan. Bidegoiango taldea izan zen lehian aurrena, eta 35 plaza eta 14 metro egitea lortu zuen. Errezilgo taldeak ia lau plaza gehiago egin zituen. Izan ere, 39 egitea lortu baitzuen. Gizon-proba jokatzen ari ziren bitartean, Errezilgo plaza jendez gainezka egon zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide