Nabarrherri topaketetan «kultur eta historia ondarea» berreskuratuko dute

Ane Olaizola 2012ko ekainaren 20a

Hernani Errotzen Memoria Historikoa Kultura Elkarteak, Zumaiako Udalaren laguntzarekin, Nabarrherri Topaketak antolatu ditu datozen egunetarako, Euskal Herriko ondare kulturala eta historikoa berreskuratzeko asmoz. Kultur elkarteak Nabarralde ekimenaren ideologia sustatzen du, eta Nafarroaren konkistaren 500. urteurrenean, euskal kultura eta nafar identitatea uztartuko dituzte Zumaiako Amaia Plazan, aisialdiaren bidez. «Nazio kulturala eta politikoa txanpon beraren bi aurpegi dira, eta nazio politikoa Nafarroa da. Frogatuta dago, inoiz Europan egitura politiko bat izan badugu, Nafarroaren Erresuman izan dugula», adierazi du Iñigo Gallartzagoitiak, antolatzaileetako batek. Hori hala izanik, «memoria historikoa» indartuko dute, hitzaldi, antzerki eta musikaren bidez. Etzi hasiko dira topaketak, eta herritarrak erakartzeko asmoz, marinel azoka zabalduko dute. Bertan herrialde askotako 70 artisautza postu eta beste hainbat produktu jarriko dituzte salgai eta erakusgai. Bretainiako, Herrialde Katalanetako, Andaluziako, Asturiasko, Aljeriako eta Nafarroako ekoizleak izango dira kulturarteko azokan. Horrez gain, Banaiz Bagara elkartearen dendak, Nafarzaleak taberna, eta Galiziako olagarro erretegia jarriko dituzte. Ekimena Zumaian izanik, itsasoarekin lotuko dute azoka, eta horren inguruko jantziekin eta gaiekin apainduko dituzte postuak. Azokarez gain, ondare historikoaren eta kulturalaren inguruko saioak izango dira igandera bitartean; hala nola, Andoni Tolosa Morau kantariak euskarazko kantagintzaren errepasoa egingo du; halaber, Nabarraldekoek bi hitzaldi eskainiko dituzte;  Angel Rekaldek Nafarroako konkista azalduko du larunbatean, eta igandean, berriz, Aitzol Altunak konkistaren ondorioak jorratuko ditu, baliabide teknologien laguntzarekin. Halaber, kaleetan zehar itsasoaren inguruko animazioa izango da. Zumaian ez ezik, beste hainbat herritan ere egin dute halako topaketak azken hilabeteetan, eta irailetik aurrera ere antolatzen jarraitzeko asmoa dute. Egitaraua Ekainak 22, ostirala 17:00. Marinel-azokaren irekiera. 17:30. Erakusketa iraunkorra: Euskal erreferentziak eta konkistak. 18:30. Hitzaldi musikatua: Euskarazko kantagintza berriaren historia. Andoni Tolosa Morauren eskutik. 20:00. Kantaldia, Pettirekin. Ekainak 23, larunbata 11:00. Marinel-azokaren irekiera. 12:00. Hitzaldia: 1512, Nafarroaren konkista, Angel Rekalde Nabarraldeko kidearen eskutik. 13:00. Musika emanaldia, Erramun Martikorenarekin. 17:00. Arrain herriaren memoria galdua haur antzerkia, Ixabel Agirresarobe eta Hodei Unzuetarekin. 18:30. Gipuzkoako jatorria ikus-entzunezko emanaldia. 20:00. Herri musikaren soinu tresnak musika emanaldia, Juan Mari Beltranen eskutik. Ekainak 24, igandea 11:00. Marinel-azokaren irekiera. 12:00. Hitzaldia: 1200. urteko konkistaren ondorioak, Aitzol Altuna Nabarraldeko kidearen eskutik. 13:00. Aintzina Folk Taldearen musika emanaldia. 16:30. Ganboatarrak eta Oinaztarrak antzezlana, Marifeli Etxeandia eta Josu Kamara Kukubiltxo Antzerki Taldeko kideen eskutik. 17:00. Bertsolharitza: Elkarri eragiteko haurrentzako kantu bertsoa, Ibai Esoainekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide