Pand'Oro Eskulanak Elkarteak ikasturte honetan eginiko lanak jarri ditu erakusgai Alondegiko Oxford aretoan, datorren igandea bitartean. Emakume talde baten eskulangintzarako zaletasunari esker osatu zuten elkartea. «Duela lau urte hasi baldin baginen ere, iaz sortu genuen ofizialki taldea. Aurretik Bi Arri eskulan tailerrean aritzen ginen, baina hauek ikastaroak emateari utzi egin zioten, eta guk jarraitzeko gogoa geneukanez, aurrera egitea erabaki genuen. Azken finean, eskulanak eginez talde terapia egitea da gure helburua», aditzera eman du Pand’Oro elkarteko irakasle Esperanza Otañok.
Joan den ostegunean ireki zuten erakusketa, eta 300 pieza baino gehiago ikus daiteke bertan. Egiten dituzten lanen artean, objektuen eta altzarien zaharberritzeak nabarmentzen dira; hau da, erabiltzen ez diren gauzak aprobetxatzen dituzte, berriz erabilgarri eta apaingarri bihurtuz. Horretaz gain, denetariko eskulanak daude: Decoupage delakoak, karta-pestarekin eginiko lanak, egunkariekin eginikoak, margolanak, Tiffany faltsuak, egurrean pastarekin eginiko lanak, teilen, botilen eta plateren apainketak, urrezko eta zilarrezko-orriarekin apainketak.... Oro har, «irudimenak bide ematen digun edonolako eskulanak egiten ditugu».
Ikuslea «harrituta»
Oxford aretoan antolaturiko erakusketa elkarte bezala egiten duen lehena du Pand’Orok. «Gisa honetan, zer nolako lanak egiten ditugun erakutsi nahi diegu herritarrei». Egitasmoak, gainera, harrera ona izan duela kontatu du Otañok: «Jendea harrituta geratu da egiten ditugun gauzekin. Oso politak direla irudi zaizkie».
Zaharberritze lanekin batera, objektuak hasieran nolakoak ziren erakusten duten argazki jarri dituzte; nolabait ere, ikusleak aldaketaz ohar daitezen. «Jendeak asko baloratu du hori; lehen nola zegoen eta orain nola atondu dugun ikustea, alegia».
Elkartea edonori dago irekia, nahiz eta oraingoz emakumeak bakarrik osatzen dute. «Ez dakit beldurra duten, edo, baina gizonezkoak ez dira animatzen eskulanak egitera». Bidasoa kalean dute egoitza, udalak utzitako lokal batean, eta Otañoren beraren gidaritzapean aritzen dira lanean. Aurten, 21 eta 77 urte bitarteko 18 lagun aritu dira eskulangintzan.
Ikasturteari erakusketarekin emango diote amaiera, eta irailean itzuliko dira berriz ere ikastaroekin. Horietan parte hartu nahi dutenek ez dute zertan elkarteko bazkide izan behar, eta izena ematea udazkenean irekiko dute, Kultura Sailak ikasturteko ikastaroen berri ematen duenean. «Ikastaro bat da, bai, baina lagunarteko giroan aritzen gara». Asteartetan eta asteazkenetan elkartzen dira, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Dena dela, ordutegi malgua dutela azaldu du irakasleak. «Jendeari ondoen datorkionean azal daiteke tailerrera, goizez nahiz arratsaldez».