Athletic-eko atezain ohi Joxe Anjel Iribar zarauztarrak Bai Euskarari Laguna saria jaso zuen atzo, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Bilboko Euskalduna Jauregian eginiko ekitaldian. Kirolean ez ezik, erreferente garrantzitsua izan da Iribar Euskal Herrian euskararekiko erakutsi duen konpromiso eta jarrera aktiboagatik. «Ezuste polita izan da, batez ere nondik datorren ikusita. Estimu handia diot euskararen aldeko mugimenduari, eta kasu honetan, Bai Euskarari Ziurtagiriak enpresa mundua euskalduntzeko egiten duen ahalegina eredugarria dela uste dut», adierazi du sarituak Bai Euskarari Ziurtagiriaren webguneko elkarrizketan. Ziurtagiaren elkarteko zuzendari Rober Gutierrezen eskutik jaso zuen saria.
