Hiru ikastetxetako ikasleek ibaia garbituko dute etzi

Urola Kostako Hitza 2012ko ekainaren 19a

Ibaia garbituko dute etzi Azpeitiko hiru ikastetxetako ikasleek. Udala ibili da prestaketa lanetan, baina Baigera Elkarteak lagunduko die. Loiolatik hasi, eta Lasao bitartean garbituko dute Urola. Auzolanean ia 200 ikasle ariko direla azaldu du Haritz Epelde zinegotziak. Plazan elkartuko dira denak 8:30ean, eta 12:00ak bitartean arituko dira lanean. Hiru zatitan banatu dute garbiketa prozesua; hala, ikastetxe bakoitzari zati baten ardura egokituko zaio. Loiolatik Sanjuandegi auzora bitarteko zatia Azpeitiko Ikastola Ikasberriko gaztetxoek garbituko dute. Igerileku paretik Okerkua baserrirainokoa, aldiz, Urola Ikastolako ikasleek garbituko dute. Hirugarren zatia, hau da, aipatutako baserritik Lasaora bitarteko ibaiaren partea, Iraurgi Ikastetxekoek garbituko dute. Leire Etxaniz zinegotzia gustura agertu da ekimenarekin. «Urtarrileko ibai garbiketak izan zuen harrera ona ikusirik», berriz antolatzera animatu direla adierazi du. Horregatik, eskerrak eman dizkio «bai ikastetxeei, bai Baigera Elkarteari». Haiengandik jaso duten erantzuna eta harrea «oso ona» izan dela adierazi du. «Ea aurrerantzean eredu bezala hartzen dugun ekimena,  eta horrelako egitasmo gehiago egin daitezkeen. Azpeitiak merezi duelakoan gaude», gaineratu du. Deia herritar guztiei Ekimena ikastetxeetatik bideratu duten arren, Epeldek gogorarazi du edozeinek har dezakeela parte ibai garbiketan. «Osteguneko garbiketan lagundu nahi duen herritarrik balego, 8:30ean plazara agertu besterik ez du». Edozein laguntza, «txikia izanda ere», asko eskertuko dutela gaineratu du. Beraz, «dei berezia egin nahi diegu azpeitiarrei Urola garbitzera animatu daitetzen».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide