Joan den ostiraletik astebeteko greban daude Corrugados Azpeitia enpresako langileak, LAB eta ELA sindikatuek egindako deialdiari erantzunez. Baina atzo mobilizazioa gogortzea erabaki zuten langileek, eta ostiraletik aurrera greba mugagabeari ekitea erabaki dute.
Enpresako zuzendaritzak Azpeitiko lantegitik 60 langile kaleratzea erabaki du, baita gainontzeko 245 langileei hainbat murrizketa ezartzea ere; lana erregulatzeko txosten baten bidez, urtearen bukaera bitartean 66 egunez laneko kontratua etetea, soldatak %35 jaistea, eta urteko lanaldia 49 ordu gehiagokoa izatea. Neurri horien aurrean, astebeteko greba hasi zuten langileek pasa den ostiralean.
Greba egiteaz gainera egunero mobilizazioak egiten ari dira Corrugados Azpeitiako langileak. Besteak beste, egunero elkarretaratzea egiten dute enpresa atarian. Atzo 190 langile bildu ziren. Gaur, berriz, 10:00etan elkarretaratzea deitu dute Azpeitiko Olazko Andre Mariaren plazatxoan. Eta ostegunean, Donostian Lan Sailaren aurrean bilduko dira murrizketen aurka protesta egitera, 11:00etan.
Negoziatzeko baldintza
Zuzendaritzak egindako proposamena eta gero, hilabeteko negoziazio epea ireki da. Enpresa Batzordeko LAB eta ELAko ordezkariek mahai horretan kanpoko aholkulariak egotea eskatu dute. «Legez posible da, eta hori hala izan dadila eskatuz, 184 langilek sinatu dute dokumentu bat», azaldu dute langileen ordezkariek. Atzo, eskaera hori Lan Sailean eta Corrugados Azpeitia enpresan aurkeztu zuten. Zuzendaritzak mahaian kanpoko aholkulariak egotea onartzen ez duen bitartean langileen LAB eta ELAko ordezkariak ez dira mahaian eseriko. Hala adierazi dute: «Aholkulariak egotea onartzen ez duten bitartean ez gara negoziatzera eseriko». Enpresa Batzordean LAB eta ELA sindikatuek dute gehiengoa.
Ateak batzuentzat itxita
Lantegiko ateak langileentzako itxita daudela ere salatu dute LAB eta ELAko langileen ordezkariek. Atzo arratsaldean, greban dauden langileak bilduta zeuden enpresaren atarian, eta zuzendaritza «osorik» enpresara sartzen saiatu zen, baina langileak atearen aurrean jarri ziren. «Greban gauden bitartean enpresan gutxiengoa egongo zela adostu genuen zuzendaritzarekin: gerentea, altzairu fabrikako arduraduna eta laminazio fabrikako arduraduna. Baina atzo arratsaldean zuzendaritza osoa sartzen hasi zenean ate aurrean jarri ginen». Horren aurrean, zuzendariek Ertzaintzari deitu zioten bidea irekitzeko eskatuz.
«Greban gauden bitartean, nahi duten langileentzako enpresako ateak irekita egongo zirela esan zuen zuzendaritzak, baina langile guztiontzako ez daude zabalik, ateak itxita baitaude», salatu dute. Langileen ordezkariek gaineratu dutenez, «zuzendaritzakoentzako bakarrik zabaltzen dituzte ateak».