Oier Ibarguren azpeitiar txirrindulariak irabazi du kadete mailakoen Euskadiko Txapelketa. Joan den larunbatean egin zuten proba, Urdulizen, Bizkaian. Atracciones Sanz taldeko beste txirrindulari batek egin zuen bigarren, Unai Orbeak, hain zuzen. Hasieratik bi azpeitiarrak buruan jarri ziren. Aurretik, hamalau txirrindularik osatutako taldetxoa zuten. Ibargurenek zein Orbea aise hartu zieten aurrea tartean zen; biek soilik egin zuten ihes tropeletik, gainera . Hamar kilometro falta zirela eta Gatikako mendateko bigarren buelta egiteke zutela, azpeitiarrek 20 segunduko errenta txikiari heltzea lortu zuten, «inolako oztoporik gabe». Biak batera, erreleboka, gerturatu ziren helmugara. 100 metro falta zirela, txapelagatik lehiatzea erabaki zuten. Esprintean Ibarguren nagusitu, eta Orbea, ondorioz, bigarren postuan sailkatu zen.
Eguna borobiltzeko, gainera, Ibarguren bera izan zen mendiko probako garailea.
Gorrotxategi txapeldun
Zarauzko Galdiano Eraikuntzak taldeko Xabier Gorrotxategik irabazi zuen, berriz, jubenil mailako txapelketa, Zarautzen. Atracciones Sanzeko Ander Garate, ordea, 40. sailkatu zen. Taldekako sailkapenari dagokionez, 11. egin zuten azpeititarrek.