Sanpelaioetarako astebete luze falta bada ere, Iñurritza Jai Batzordea hasi da festetarako girotzen. Larunbat honetan emango diote hasiera lehen ospakizunei. Ohiko moduan, askotariko ekimenak antolatu dituzte Iñurritzako zelaian.
Aurreko urteetan bezala, zelaia bertako produktuen azoka bilakatuko da egun batez, behinik behin. Larunbat goizean inguruko lurretatik jasotako barazkiak eta loreak, eztia, ogia, gozokiak, haragia eta artisau produktuak egongo dira salgai.
Haurrentzat ere izango da zer egina. Juan Luis Mendizabal Mendi margolariaren laguntzarekin, irudimena lantzeko aukera izango dute etxeko txikienek, frotoi inguruan egingo dute marrazki txokoan. Lan politenek saria izango dute, gainera.
Txakolina, nahi beste
Helduentzat, berriz, txakolina izango da, nahi beste. Aurten lau txakolindegitako edaria dastatu ahalko dute, Akarregi-Txiki, Basa-Lore, Mokoroa eta Talai-berrikoa, hain zuzen. Txakolin basoak lau euro kostako du, pintxoak euro eta erdi; txakolin basoa zein pintxoa, biak eskatuz gero, bost euro besterik ez da ordaindu beharko.
Bazkalostean, Mollarri dantza taldearen erakustaldiaren ondoren, triki bertso poteoa izango da auzoko tabernetan zehar, gauerako girotze aldera.
Gauean ere izango da gozatzeko aukera. Izan ere, Iñurritza Jai Batzordeak kantu afaria antolatu du elkartean bertan. Borondatearen truke, patatak errioxar erara banatuko dituzte parte-hartzaileen artean.
Egitaraua
San pelaio iñurritzan
10:00. Azoka Iñurritzako zelaian. Bertako produktuak izango dira salgai: barazkiak, eztia, ogiak, gozogintza, gazta, haragia, loreak eta artisautza, besteak beste.
11:00. Juan Luis Mendizabal Mendi margolariarekin haurrentzako marrazki-txokoa egingo dute, Iñurritzako frontoian.
12:30. Txakolin dastaketa, Iñurritzako zelaian. Txakolindegiak: Akarregi-Txiki, Basa-Lore, Mokoroa eta Talai-Berri.
17:00. Mollarri dantza taldearen erakustaldia, Iñurritzako zelaian.
19:00. Triki bertso poteoa auzoko tabernetan zehar.
21:00. Kantu afaria.
