Zarauzko Rugby Taldeak Bultzarock ekimena abiarazi zuen duela bi urte, Barricadaren kontzertua antolatuz. Jaialdiak arrakasta itzela izan zuen, eta horrek bultzata, formato handiko beste ekitaldi bat antolatuko du uda honetan, Zarauzko Udalarekin elkarlanean. Oraingo honetan, estiloz aldatu eta Zaragozako Amaral pop-rock taldea ekarriko du. Emanaldia abuztuaren 25ean izango da, 21:30etik aurrera, Santa Klara komentu ondoko plazan.
Eva Amaral eta Juan Agirre bikoteak gidatzen duen taldea nazioarteko biran murgilduta dago buru-belarri, Hacia lo salvaje azken diskoa zuzenean aurkezten. Oraintsu Parisen eta Londresen izan dira, eta eta Zarauzko emanaldia nazioarteko bira horretako hamalaugarrena izango da; ondoren, Stockholm, Munich, Hamburgo, Berlin, Los Angeles, San Diego eta San Francisco bezalako hiri handietara bidaiatuko dute. Zarauzko kontzertua Euskal Herrian emango duen bakarra izango da.
Talde gonbidatu bila
Amaral taldearen aurretik beste musika talde batek joko du. Talde gonbidatua, ordea, lehiaketa bidez aukeratuko dute, eta Gipuzkoako musikari guztiak hartu ahalko dute parte bertan. Lehiaketak bi fase izango ditu: lehenik eta behin, taldeek euren burua aurkeztu beharko dute Facebook atarian, eta boto gehien jasotzen duten bostek egingo dute aurrera; bigarrenean, bostetatik bat aukeratuko dute Amaraleko taldekideek, beren artista gonbidatua izan dadin. Talde irabazleak irekiko du jaialdia, eta, 23:00etan, Amaralen txanda izango da.
Sarrerak 23 eurotan jarriko dituzte salgai aurretik, eta 28 eurotan egunean bertan. Aldez aurretik erosi nahi dutenek www.ticketmaster.es webgunearen bidez egin ahal izango dute, edo Gipuzkoa osoan jarriko dituzten salmenta puntuetan. Eskualdean ondorengo toki hauetan eskuratu daitezke: Zarautzen, Batzokian, Basarrin, Bederenen eta Txiki Politen; Orion, Salatxon; Zumaian, Trapaian eta Otezurin; Getarian, Mahastin; Azpeitian, Iraurgi Saski Baloia elkartean; eta Azkoitian, Zurt tabernan. 6.000 lagunentzakoa izango da aforoa.
Zarauzko Rugby Taldekoek jarduera eta promozio bereziak antolatuko dituzte kontzerturako. Esaterako, Meeet&Greet izeneko hamar txartel zozkatuko dituzte, abuztuaren 1a baino lehen sarrera erosten duten guztien artean. Txartel berezi horri esker, backstage-an sartzeko eta Amaral taldeko kideak ezagutzeko aukera izango dute.
Amaralen kontzertuaren inguruko informazio gehiago jaso nahi izanez gero, klikatu hemen.
