Udalak software librearen aldeko apustua egin du, eta neurriak hartzen hasi da

Nerea Uranga 2012ko ekainaren 15a

Azpeitiko Udaleko langileak informatitako hainbat erraminta berri ezagutzeko eta erabiltzen ikasteko ikastaroak egiten ari dira. Udalak azaldu duenez, «Azpeitiko Udalak software librearen aldeko apustua egin du». Hori aurrera eramateko neurriak hartzen ere hasi da, hala urtearen bukaeran LibreOffice bakarrik izango dute Azpeitiko Udaleko ordenagailuetan. Aurrera begira, gainera, beste batzuk eman nahi dituzte. Udalak apustu berri hori egiteko arrazoiak teknologia librea izatea, ekonomikoko errentagarriagoa izatea, eta informatikan euskararen garapena eta presentzia indartzea dira, besteak beste. Udalekoen ustez, software libreak «berdintasuna, parte hartzea eta elkartasuna» sustatzen ditu, gainera erabiltzea eta hobetzea edozeinen esku dago. «Hobekuntzak ez dira interes pribatuaren arabera gauzatzen, enpresa edo erabiltzailearen arabera baizik. Teknologia librea da», esan du Aritz Epeldek, Zerbitzu Orokorretarako zinegotziak. Horrez gain, software libreak  teknologia berrietara denen sarrera errazten duela adierazi du Epeldek, eta  ekonomikoki errentagarriagoa dela, «lizentziak doan direlako». Esaterako, orain arte Microsoft Office erabili dute udaletxean, eta hori mantentzea 3-4 urtean 40.000 euro kostatzen zitzaion Azpeitiko Udalari. «Orain, LibreOffice erabilita diru kopuru hori aurreztuko dugu». Nahieran moldatzeko aukera Software libreak informatikan euskararen garapena eta presentzia indartzen dituela ere uste du udalak. «Euskarazko erabiltzaile-multzoa txikia da, eta gehienetan enpresei ez die merezi euren programen euskarazko bertsioak egitea». Software libreak, berriz, nahieran moldatzeko aukera eskaintzen du, eta era horretan edonork euskara dezake. Agintaldian beste bi pauso ematea ere aurreikusten du udalak. Alde batetik, aurrerantzean erosiko dituzten ordenagailuak sistema librea eta doakoa dutenak izango dira. «Era horretan, ordenagailu bakoitzeko 100 euro aurreztuko ditugu». Bestetik, sare informatikoa edo zerbitzaria ere librea izatea nahi dute, «hori 4-5 urtean behin aldatu beharra egoten da, eta 5.000 euro inguruko gastua izaten du».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide