Gaur jokatuko dute Azpeitiko erremonte txapelketako finala

Nerea Uranga 2012ko ekainaren 15a

Azpeitiko XIII. Erremonte Txapelketa gaur bukatuko da Izarraitz pilotalekuan. Finala, Joseba Etxeberria Etxabe II.a eta Unai Zubizarretak  Aritz Etxeberria Etxeberria IV.a eta Joxin Aizpuru Aizpuru III. aren kontra jokatuko dute, 18:30ean hasita. Gaur zortzi erabaki zen Izarraitz pilotalekuan txapela zein bikoteren artean jokatuko den. Etxabe II.a eta Zubizarreta aizarnazabaldarrek Otaegi eta Ionek osatutako bikoteari 27-40 irabazi zioten, horrela finalerako txartela lortuz. Aizarnazabalgo bikoteak, Etxeberria IV.a urrestildarra eta Aizpuru III.a izango dituzte aurkariak. Bikote honek finala jokatzeko aukera Matxin IV.a eta Agirrezabala mende hartu ondoren lortu du; joan den ostiralean 31-40 irabazi zuten finalerdia. Beste postuak jokoan Finaleko partidaz gainera gaur Izarraitz pilotalekuan txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dira. Matxinbentako hiru erremontista ariko dira norgehiagoka horretan: Eñaut Oiarzabal Matxin VI.a eta Igor Agirrezabala Xuban Oiarzabal Matxin III.a eta Jagoba Labaka azpeitiarraren kontra. Azken hau oraindik afizionatuen mailako erremontista da. Maiatzaren 25ean hasi zen Azpeitiko XIII. Erremonte Txapelketa. Bertan hamabi erremontistek hartu dute parte, denak eskualdekoak. Bost azpeitiarrak izan dira: Labaka, Otaegi, Jon, Aizpuru III.a eta Urko. Horiez gainera hiru Matxinbentakoak izan dira, Matxin III.a, Matxin IV.a eta Agirrezabala, eta Etxeberria IV.a Urrestillakoa. Aurten, gainera, afizionatuen mailan ari diren hiru erremontistek profesionalekin batera aritu dira lehian: Jagoba Labaka, Unai Otaegi eta Joxin Aizpuru. Aurten ere, binaka eta bi taldetan banatuta jokatu dute txapelketa. Iazko Azpeitiko Erremonte Txapelketa Eñaut Oiarzabal Matxin VI.ak eta Ion Etxeberriak irabazi zuten, Oinatz Gonzalez eta Igor Agirrezabalari  40-20 irabazi ondoren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide