«Gazteek dituzten kezkak azalduko ditugu aldizkarian»

Ane Olaizola 2012ko ekainaren 15a

  Gazte talde batek Orioko Gazte Asanblada sortu du, arazo sozialak plazaratzeko asmoz, eta aldizkaria kaleratuko du hilero. Egoitz Dorronsorok (Orio, 1992) eta Aratz Madariagak (Orio, 1992) egitasmoaren nondik norakoak azaldu dizkie UROLA KOSTAKO HITZA-ri; lehen zenbakia kalean da. Zer dela-eta kaleratuko duzue aldizkaria? Egoitz Dorronsoro: Herrian ez dira asko jorratzen gai sozialak. Gaztetxean ere ibiltzen gara, baina gehiago zentratzen gara bertako lanetan. Hutsune horri aurre egiteko sortu dugu Orioko Gazte Asanblada. Hala, aldizkariaren bitartez arlo hori jorratuko dugu. Horrez gain, dokumental emanaldiak eta hitzaldiak antolatzeko ere asmoa badugu. Zer gai jorratuko dituzue? Aratz Madariaga: Gazteek dituzten kezkak azalduko ditugu: etxebizitza arazoa, presoak, drogak... E.D.: Gaiak ez ditugu asko zehaztu oraindik. Aldizkaria eginez joango gara zehazten. Egunerokotasunarekin lotutakoak izango dira gehienak. Zuen artean idatziko al dituzue artikuluak? E.D.: Bai. Gu biok eta beste lagun batek izango dugu horren ardura. Bakoitzak zerbait idazteko konpromisoa hartu du, eta garrantzia ematen diogu lanak etxean egiteari. Bestela, asko atzeratuko litzaiguke lana. A.M.: Oro har, gure iritzia emateaz gain, beste hedabideetan jaso dena plasmatu nahi dugu. Herriko gaiak ere jorratuko al dituzue? E.D.: Saiatuko gara beti artikulu bat herri mailakoa izan dadin. A.M.: Gaiak, berez, orokorrak izango dira, gazteek horien inguruan hausnar dezaten. Izan ere, ikusten dugu gazte asko erosotasunera eginda daudela, eta mugiarazi egin nahi ditugu aldizkariaren bitartez. Zer izaera izango du aldizkariak? A.M.: Balio batzuk ditugu zehaztuta: internazionalismoa, antikapitalista, autogestioa... E.D.: Balio horiei jarraiki, jendea kontzientziatu nahi dugu. Egunerokotasunari lotutako gaiak dira, ez da ezer abstraktua izango. Doan banatuko al duzue? E.D.: Autogestionatua izan dadin nahi dugu, eta, beraz, herritarren artean doan banatu nahi dugu. A.M. Ahalik eta pertsona gehienengana iristeko ere errazago izango dela uste dugu. E.D.: Helburua da guk faltan eman duguna besteengana iristea. Ez dugu aldizkaria guretzat bakarrik izan dadin nahi; ez dakit zenbaterainoko eragina izango duen, baina uste dut ingurukoek interes pixkat jarriko dutela. Zenbat ale kaleratuko dituzue? E.D.: Hasiera batean 150 ale kaleratuko ditugu, eta denbora pasa ahala ikusiko dugu kopurua aldatu edo ez. Hasieran, erraza da hamasei orri betetzea, baina gero ez dakigu zer pasako den. Orduan, gutxitik hasiko gara momentuz. Ahalik eta ale gutxienekin jende kopuru gehienengana iritsi nahi dugu; horregatik, tabernetan jarriko ditugu eskuragarri, behin irakurritakoan besteek ere irakur dezaten aldizkaria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide