Urtero bezala, ZKE Zarauzko Kirol Elkarteko eskubaloi sailak kiroldegiko kantxa hondartzagatik ordezkatuko du. Uztailaren 6, 7 eta 8rako Txaparrotan antolatu du, eskubaloiari eskainitako festa handia. Aurten, gainera, berrikuntzekin dator ekimena. Izan ere, haurrek helbide elektroniko (txaparrotan@gmail.com) bidez eman ahalko dute izena. Talde bakoitzak zortzi euro ordaindu beharko du festan parte hartu ahal izateko; Euskadiko Kutxako 3035 0029 60 0291109064 kontu korrontean sartu beharko dute interesa dutenek diru kopuru jakin hori. Taldeko jokalarein izen-abizenak, jaiotze data, taldearen izena eta arduradun baten telefono zenbakia zehaztu beharko da ordainagirian. Era berean, izen ematea egoki egin dela egiaztatzeko, antolakuntzak mezua igorriko die arduradunei. Bihar, ostirala, amaituko da izena emateko epea. Lagun arteko txapelketa herrikoia da Txaparrotan. Txapelketaz gain, kontzertuak eta taberna ere antolatuko dute uztaileko lehenbiziko asteburuan.