Herrio natur taldeak eta Orioko Udalak maiatzerako prestatuta zuten piragua irteera bertan behera utzi behar izan zuten eguraldi txarra zela eta. Orduan egin ez arren, berriz antolatzekotan gelditu ziren eta ekainaren 17an izango da aukera berria.
Piragua irteera Oria ibaian barrena izango da. Anbulatorio ondoko arranplatik hasi eta, korrontea lagun, Sariako olaraino joango dira, astirik bada, eta Portuko zuloan, Donpernasa errekan eta Olaberrietako portuan geldialdiak egingo dituzte hango fauna eta flora ezagutzeko.
Hitzordua 14:30ean da eta 3-4 ordu iraungo du irteerak. Itsasadarrari buruzko azalpenak emango dituzte Herriokoek, ibaiaren natur aberastasunak azalduz. Maiatzean izena eman zutenek lehentasuna izango dute eta eta denek baiezkoa esan dutenez ez da tokirik gelditu. Norberak bere piragua ere eraman dezake.