
Rafa Olaizola PPko bozeramailea, Eider Illarramendi alkateordea, Juan Luis Illarramendi alkatea, Andoni Ibarguren Aralarreko bozeramailea eta Imanol Lasa EAJko bozeramailea (Argazkilaria: Amaia Ventas)
Spri Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Garapen Industrialerako Agentziak Gipuzkoan egitekoak diren industriaguneen «fusioa eta absortzioa» salatu dute Zarauzko Bilduk, EAJk, Aralarrek eta PPk. Lau taldeek adierazi dute «PSEk bere kabuz egin nahi duen» egitasmoak ez duela «ekonomikoki» zentzurik, eta «herritarren eta gipuzkoarren nahietara eta beharretara» ez dela egokitzen adierazi dute. Horrez gain, Zarautz «inbertsiorik gabe» geratuko dela ohartarazi dute. Herrian «iturri industrialak» kendu egingo dituztela nabarmendu dute, eta, ondorioz, Zarautz ekonomikoki «are gehiago itoko da». Funtsean, herria «pobretu» egingo dela salatu dute alderdiek, «kapital eta pertsonal ihesera kondenatuz». Egun Zarauzko industriaguneak lau milioi euroko kapitala du, Illarramendiren arabera.
Fusioarekin Zarauzko industria Donostialdekoarekin (Donostia eta Hernani) elkartuko litzateke, eta honen lehendakaria hiriburuko alkatea izango litzateke. Hala, erakunde berriaren %51 Spriren esku geratuko litzateke, %24,5 Gipuzkoako Foru Aldundiarena izango litzateke, eta gainontzeko %24,5 hiru udalena; hala, Zarautz %24,5aren jabe izatetik %3,5era pasako litzateke, eta Donostiak eta Hernanik %15,6 eta %5,3 edukiko lukete, hurrenez hurren. Ondorioz, Zarautz «botererik gabe» geratuko dela salatu dute alderdiek, eta erabakiak hartzeko unean «menpekotasuna» izango duela jakinarazi dute. «Gure nahiak aurrera eramateko Donostiarekin eta Hernanirekin negoziatu behar dugu, eta haien onespena lortu beharko dugu indar pixkat izateko», adierazi du Andoni Ibargurenek, Aralarko bozeramaileak.
Funtsean, «eskandaluzko operazioa» dela adierazi dute udaleko lau alderdik. Fusioak Zarautzi eta Urola Kosta eskualdeari «modu negatiboan» eragingo diola adierazi du Illarramendik. Ekoizpenean «sekulako desorientazioa» sortuko duela nabarmendu dute taldeek. Hala, PSE-EEri eskatu diote «eskualde naturalak» kontuan hartzeko. «Proiektuak garatzerako orduan, gure izaera guztiz sakabanatuta geratuko da», adierazi du Imanol Lasak, EAJko bozeramaileak. Hala, oraingo egitura mantentzeko eskatu dute.
Erakunde publikoak egun bizi duen «egoera ekonomiko larriaren» ondorioz egin nahi ditu «aldaketak eta murrizketak», Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak adierazi duenez. Honen ustez, Sprik neurri berriak martxan jartzeko ez ditu «udal eta herritarren iritziak kontuan hartu».
Iñaki Eizagirre Bilduko ordezkariak, bere aldetik, planaren oinarrian «interes partidistak» daudela uste du; «deigarria da fusioak egindakoan Eibarren, Zumarraga, Irun eta Donostian egongo direla egoitzak, eta horietatik hiru udalerrietan PSOEk du gobernua».