Corrugados Azpeitiatik 60 langile kaleratzea erabaki du zuzendaritzak

Nerea Uranga 2012ko ekainaren 14a

Alfonso Gallardo Taldeko zuzendaritzak Corrugados Azpeitia enpresatik 60 langile kaleratzea eta gainontzeko langileei hainbat murrizteka ezartzea erabaki du: Lana erregulatzeko beste txosten baten bidez, urte bukaera bitartean 66 egunez laneko kontratua etetea, soldatak %35 jaistea eta urteko lanaldia 49 ordu gehiagokoa izatea dira kaleratzeez gainera ezarri nahi dituztenak. Zuzendaritzako kide Manuel Romerok astelehenean eman zion erabakiaren berri Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeari. Batzarrean, Romerok langileen ordezkariei azaldu zienez, kostuak murriztea eta enpresak une honetan duen ekoizpen gainkarga dira murrizketa horiek ezartzeko arrazoiak. Baina langileen ordezkariek salatu dutenez, enpresa produkziorako dituen eskaintzak galtzen ari da, eta enpresaren zuzendaritza bideragarritasun plana %80an betetzen ari da. Langileek diotenez, «eskaerak baditu enpresak, baina ekoizteko txatarrarik ez da iristen. Gallardo taldeak ez dauka txatarra erosteko dirurik, eta bankuek ez dute finantzatzen». Murrizketa horiek bazetozela ikusita, joan den astean Enpresa Batzordeko LAB eta ELAko langileen ordezkariek mobilizazioak hasiko zituztela iragarri zuten. Hala, bihar astebeteko greba hasiko dute Corrugados Azpeitiako langileek. Gainera, aurrera begira neurri gogorragoak hartzea ere ez dute baztertuta, «egoera ez bada aldatzen, eta jendea prest badago». Hala esan zuten orain dela zortzi egun. Corrugados Azpeitia enpresatik 60 langile kaleratuta, 245 langile geldituko lirateke lantegian; 305 langile ditu gaur egun. Urtearen hasieran ehun langile kaleratu baizituzten lantegitik. Zuzendaritzak proposatzen duen lana erregulatzeko txosten berriaren arabera, berriz, langileei urtearen bukaera bitartean 66 lan egunez etengo zaie lan kontratua eta soldata %35 baxuagoa izango dute. Baina, bestalde, urteko lanaldia 49 ordu gehiagokoa izatea erabaki du zuzendaritzak; gaur egungo 1.648 orduko lanaldia 1.697 ordukoa izatera pasatuz. Gaur egun ere lana erregulatzeko txosten baten pean daude Corrugados Azpeitiako langileak, baina langileen ordezkariek salatu dutenez langileei desberdin eragiten die txostenak: «Langile batzuk langabeziatik beste batzuk baino ordu gehiago ari dira jaten». Enpresa Batzordeko LAB eta ELAko ordezkari sindikalek enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin martxoan lotutako hitzarmenak enpresa eta langileak babesik gabe uzten dituela ere salatu zuten orain zortzi. Gallardo taldeari ondainketa-eteterik ez egitearen eta Azpeitiko enpresa ez ixtearen truke bost milioi euro eman zizkiela ekarriz gogora.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide