Birziklapena bai, atez atekorik ez plataformako kideak atzo bildu ziren Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagarekin eta Herritarren parte hartze zinegotzi Maitane Agirrerekin. Bi eskaera zuzen egin zizkioten herritarrek udal ordezkariei: batetik, zintzilikarioen bidezko atez ateko bilketa sistema ezartzeko prozesua bertan behera uzteko; eta bestetik, edukiontzien bidezko gaikako zabor bilketa sistema indartzeko.
Horrez gain, plataformak dagoeneko bildu dituen 3.806 sinadura erakutsi zizkieten, eskaeraren «zilegitasunaren» adierazle gisa.
Plataformako kideek jakinarazi dutenez, eskaeroi udazkenean erantzungo die alkateak. Horrek «desengainatu» egin ditu: «Gure eskaera diluitu nahian dabiltza. Ezin dugu udazkenera arte erantzunaren zain egon, atez ateko sistema jartzeko prozesua dagoeneko martxan baitago». Hori dela eta, «kalkulu politikotzat» jo dute Agirrezabalagak emandako erantzuna.
Horrez gain, hondakinen %80eko birziklapen tasa bermatzen duen sistema bat proposatzeko eskatu die alkateak. Errauste plantarik beharko ez duen sistema izan behar duela esan die alkateak,
Birziklapena bai, atez atekorik ez taldekoen arabera. «Herritar xumeak gara gu, ez politikoak. Ez daukagu, beraz, horretarako ahalmenik», adierazi dute: «Gu Zumaiako hondakinen bilketa sistemaz ari gara; ez dugu, beraz, joko politikoan sartu nahi» .
Herritarrok birziklapenaren alde daudela nabarmendu dute, eta egungo sistema indartu behar dela: «Orain arte ez da behar bezala sustatu. Bosgarren edukiontzia herritar guztien eskura jarri behar da eta kontzientziazio kanpainak abiatu».
Plataformakoek Urola Kostako Udal Elkartearekin eta gainontzeko alderdiekin biltzeko asmoa dute, udal ordezkariekin egin duten moduan. Bitartean firmak biltzen jarraituko dutela esan dute.
Horrez gain, blog berria (plataformazumaia.blogspot.com) sortu dutela jakinarazi dute.