Zumaiako IV. Flysch Trail mendi lasterketa uztailaren 22an jokatuko dute, eta antolatzaileak dagoeneko hasi dira xehetasun guztiak atontzen. Ibilbidea, oro har, aurreko urtekoa izango da, nahiz eta aldaketa batzuk izango dituen. Nabarmenena irteera eta helmuga guneen toki aldatzea izango da. Orain arte korrikalariak Erribera kaletik abiatzen baziren ere, aurten Eusebio Gurrutxaga plazatik egingo dute 10:00etatik aurrera.
Iaz ibilbidea dezente zorroztu zuten, kluben arteko Euskadiko Txapelketa jokatu zutelako. Hori gutxi balitz, aurten gogortasun pixka bat gehiago eman nahi izan diote probari. Beraz, 31,2 kilometro osatu beharko dituzte, 1.500 metroko gorabehera positiboarekin; iaz, 30,5 kilometro eta 1.370 metroko gorabehera zuen. Junior mailako lasterkariek 15,2 kilometro gainditu beharko dituzte, 605 metroko gorabeherarekin.
Lasterketan izena emateko epea zabalik dago, eta uztailaren 17a bitartean egongo da horretarako aukera.
Lasterkariek Internet bidez eman ahal izango dute izena, wwww.herrikrossa.com webgunean, edo Zumaiako turismo bulegoko telefonora (943-14 33 96) deituta. Mendian federatuta daudenek 20 euro ordaindu beharko dute, eta federatuta ez daudenek, berriz, 25 euro. Edonola ere, parte-hartzea 500 lagunetara mugatu dute.
Maila bakoitzeko lehen hiru sailkatuek, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, garaikurra jasoko dute. Helduen mailan, era berean, diru sariak egongo dira: irabazleak 300 euro eta txapela lortuko ditu; bigarrenak, 200 euro; eta hirugarrenak, 100 euro. Aurten, gainera, lasterketako marka hausten duenarenatzat Lagun Aro Fundazioak emandako 500 euroko sari berezia egongo da. Horretarako, 02:17:21 denbora hobetu beharko dute gizonezkoek, eta 02:49:32 denbora, berriz, emakumezkoek.
Urtero bezalaxe, mendiarekin lotura duten pertsonak omenduko dituzte antolatzaileek proba hasi baino ordu laurden lehenago. Aurten, Antartika mutur batetik bestera zeharkatzea lortu duen hirukoari egingo diote gorazarre: Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejo mendizaleei, hain zuzen ere.